Ingurumena

Unzaluk Pasaiako kanpoko kaiari buruzko ingurumen txosten baten atzerapena aitortu du

Pasaiako Portuko Gida Planak Jaizkibelgo Natura 2000 eremuan izan litzakeen eraginen gaineko kontsultaren erantzun-txostena sei hilabeteko atzerapenarekin aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako Zuzendaritzak. Ordea, Ingurumen sailburu ohiak azaldu du atzerapenean "asmo txarrik" ez zela egon, ezta txostena "ezkutatzeko" asmorik ere. 

Jon Rejado.
2013ko urriaren 9a
14:13
Entzun

Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu ohiak aitortu du Pasaiako Portuko Gida Planak Jaizkibelgo Natura 2000 eremuan izan litzakeen eraginen gaineko kontsultaren erantzun-txostena berandu aurkeztu zuela. Txosten horretan kanpoko kaiak Jaizkibelgo babestutako eremuetan eragingo zuen kaltea agerian geratzen zen. Ordea, Pasaiako Portuko Agintaritzak txostena eskatu eta zazpi hilabetera aurkeztu zuen, araudiak agindutakoa baino beranduago, eta hauteskundeak igaro ondoren.

Unzaluk nabarmendu du atzerapen hori "asmo txarrik" gabekoa izan zela gaineratu du, eta Ingurumen Sailak ez zuen txostena "ezkutatzeko" asmorik izan. Halaber, gaineratu du txostena ez zela loteslea, eta, atzerapenak atzerapen, Espainiako Ingurumen Ministerioak izapideekin jarraitzeko aukera zuela.

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak argibideak eskatu zizkion, aipatu txostena 2012ko ekainaren 1eko datarekin sinatuta egon arren 2012ko abenduaren 19ra arte ez zelako bidali. "Kutxa batean ezkutatuta" mantendu izana leporatu zion Ingurumen Sailari. Ordea, German Alonso Eusko Jaurlaritzako eta Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendari ohiak aitortu du bere akatsa izan zela data nahasmendu hori. 2012ko ekainaren 1eko data lehen zirriborroarena zela, eta txostena 2012ko abenduaren 19an bukatu zutenean aldatu ez ziotela azaldu du. Horrenbestez, Pasaiako Portu Agintaritzak eta Espainiako Ingurumen Ministerioak zuzena ez zen data batekin jaso zuten txostena.

EH Bilduk atzerapenaren atzean "zerbait arraroa" dagoela mahaigaineratu du, eta interes politikoak tarteko hartutako erabakia izan daitekeela gaineratu. Horrez gain, txostena teknikoki loteslea izan ez arren kaltea aitortzen zuenez "objektiboki loteslea" zela gaineratu du. EAJk atzerapena PSE-ren gobernuak aldarrikatu zuen "gardentasuna" ezbaian uzten duela uste du, baina "asmo txarrik" ez zuela izan gaineratu. PPk eta PSEk ere garrantzia kendu diote atzerapenari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.