POLITIKA

UPDk ez beste denek omendu dituzte Buesa eta Diez Elorza

Gaur Eusko Legebiltzarrean omenaldia egin diete Fernando Buesa eta Jorge Diez Elorzari. Duela hamahiru urte hil zituen ETAk, eta omenaldi horretan izan dira legebiltzarreko alderdi guztietako ordezkariak, UPD izan ezik. Bideoa: Irekia.

2013ko otsailaren 22a
20:51
Entzun

UPDko parlamentari Gorka Maneirok adierazi du ez duela omenaldian parte hartuko, bertan EH Bildu izango delako eta abertzaleen helburua "familiak desoroso sentitu" eta EH Bildu "zuritzea" delako, haren ustetan. "Lotsagarria iruditzen zaigu ETAren historia kriminala gaitzesten ez duen alderdi batek pentsatzea demokratak garenok haiek egoteko ekitaldiak antolatuko ditugula". EH Bilduk ETAren adierazpenak txalotzen dituela eta biktimei egindako omenaldietan parte hartu nahi duela salatu du Maneirok.

Sara Buesak, Fernando Buesaren alabak, adierazi du “positiboa” dela EH Bilduk legebiltzarrean bere aitari egingo dioten omenaldian parte hartzea. Ziurtau du ez dela gaizki sentitzen abertzaleen parte hartzearekin, ekitaldi hori herritar guztientzako irekia dela eta “beraien nahia” hori bada "egokia" eta "positiboa" iruditzen zaiola bertan egotea.

Bestetik, ezker abertzaleari erreferentzia eginez esan du ez duela ikusi autokritikarik "ETAren indarkeria terrorista zilegitzat jo zuen sektore sozial eta politikoaren aldetik". "Indarkeriarekin konplizitate keinu asko ikusten ditugu oraindik, baita jarrera harroputzak ere, damutik oso urun dauden horiek”. Sara Buesak pentsatzen du barnean autokritika egiten ari direla agian, baina horrek ez duela balio, ez dela nahikoa. "Onartu behar dute egin zutena gaizki egina dagoela", eta hori gizarte osoarengatik egin behar dutela, ez haiengatik, ezta biktimengatik ere.

Ezker abertzaleko kide Maribi Ugartebururi ere egokia iruditzen zaio EH Bilduk legebiltzarreko omenaldian parte hartzea. "Beste pauso positibo bat da", esan du. Ezker abertzaleari pausoak emateko eskatzen zaiola maiz gaineratu du, eta, haren ustetan, ezker abertzalea da “beste garai politiko batera” heltzeko urrats gehien egiten ari dena.

Senideek egindako omenaldian ere parte hartu dute legebiltzarreko alderdi horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.