UPDrekin batera, PSE-EEk ere iragarria du osoko zuzenketa aurkeztuko duela, aldaketarik ezean. EH Bilduk ere, berdin: aurrekontuak aldatzen ez badira, Eusko Jaurlaritzak proposatutako aurrekontuei osoko zuzenketa jarriko die. PPk gaur azaldu du EAJk aurkeztutako kontuen "alternatiba bat" egiten ari dela.
Maneiroren ustetan, "murrizketez beteta" egoteaz gain, Jaurlaritzaren aurrekontuek ez dute balio jarduera ekonomikoa sustatu eta enplegua sortzeko. Gainera, adierazi du "proiektu politiko nazionalista bat" sostengatzen dutela aurrekontuek, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari gogorarazi dio hark behin baino gehiagotan esan duela euskal nazioa Europan sortzea duela xede.
"Osagai hauekin, inork ezin du espero UPDk bere botoarekin aurrekontu proiektua babestea", esan du. EAJk euren babesa edo abstentzioa nahi badu "bere burua zuzendu" beharko duela ohartarazi du. "Eurek ikusiko dute, euren esku dago", gaineratu du.
Aurrekontuak "baztertzeko" eskaria EH Bilduk
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak aurrekontu proiektua "baztertzeko" eskatu dio Urkulluri, gaur Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Nabarmendu du alderdiek eta gizarte eragileek "aho batez baztertu" dutela, dokumentuak ez duelako "balio" euskal gizartearen arazoei aurre egiteko.
"Hemen hartutako erabakietan" oinarrituta egongo diren aurrekontu batzuk prestatzeko deia egin dio Jaurlaritzako lehendakariari, krisiaren aurkako "larrialdi plan bat" martxan jartzeko.