UPN eta CDNk Nafarroako Gobernuan duten ituna azkenetan egon daiteke, Miguel Sanz Gobernuko lehendakariak (UPN) uste duelako CDN ez dela ari ituna betetzen. Atzo, esaterako, CDNk ez zuen Noain, Beriain, Galar eta Aranguren Iruñerriko herriak euskararen eremu mistoan sartzearen aurka bozkatu parlamentuan. UPNk bai, eta horrek haserretu du Sanz, UPNk galdu egin zuelako bozketa. Lehendakariak gaur jakinarazi du astebeteko epea eman diola bazkideari neurri horren kontra ager dadin; bestela, gobernutik bidaliko lukeela dio.
26 parlamentarik egin zuten atzo IU-NEBen proposamenaren alde: Nafarroa Baiko hamabiek, PSNko hamabiek eta IU-NEBko biek. UPNk (22) aurka bozkatu du eta CDNko bi legebiltzarkideak abstenitu egin ziren.
Dena dela, aldaketa ez da oraindik behin betikoa, orain gaia parlamentuko batzorde batean eztabaidatuko dutelako. Hor kontra agertzeko eskatu dio Sanzek CDNri.
Jose Andres Burgete CDNko presidenteak adierazi du eurek ez dutela gobernuko ituna hautsi, eta Sanzek atzoko bozketa "aitzakia gisa" erabili duela balizko hausturaz hitz egiteko. "Izan ere, UPNk PSNren babesa badu 2010eko aurrekontuak onartzeko, eta CDN traba izan daiteke harentzat".
PSNk esan du ez duela uste UPNk gobernua hautsiko duenik.
politika
UPN-CDN gobernua arriskuan dagoela ohartarazi du Sanzek
Nafarroako lehendakariak uste du CDNk hautsi egin duela ituna, atzo ez zuelako Iruñerriko lau herri euskararen eremu mistoan sartzearen aurka bozkatu. Astebeteko epea eman dio jarrera aldatzeko. CDNko presidentearen iritziz, hori guztia "aitzakia" da, "UPNk PSNren babesa duelako aurrekontuak onartzeko eta gu traba izan gaitezke". Sozialistek ez dute uste hausturarik gertatuko denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu