gizartea

UPN ere haur lapurtuen auzia ikertzeko batzordea sortzearen alde agertu da

Lehengo astean ez zen garbi mintzatu. Nafarroako Parlamentuak hartu beharko du erabakia.

2012ko martxoaren 20a
16:48
Entzun

Lehengo astean PSN, Nafarroa Bai, Bildu, Ezkerra eta PPN Nafarroako Parlamentuan haur lapurtuen auzia ikertzeko batzordea sortzearen alde azaldu zirenean, UPN ez zen garbi mintzatu, "egungo legedia betetzen duen ekinaldi oro" babestuko duela baino ez zuelako esan, baina gaur Carlos Garcia Adanero UPNko eledunak adierazi du bere alderdia batzordearen alde dagoela.

PSNk eta Bilduk egin dute lantaldea eratzeko proposamena, gaur, eta, orain, legebiltzarrak hartu beharko du erabakia.

Garcia Adanerok esan du kaltetutako pertsonei laguntzea izango dela Nafarroako Parlamentuaren egitekoa, "Fiskaltzaren lanari enbarazurik egiteke".

Maria Victoria Arraizak (PSN) "justizia" egiteko nahia agertu du, eta agertu du euren ondorioak Fiskaltzari helaraziko dizkiotela. Patxi Zabaletak (NaBai) esan du "egia argitzeko lan" egingo dutela batzordean. Bakartxo Ruizen (Bildu) arabera, ikerketa batzordeak fiskalaren lana osa dezake. Ana Beltranen (PPN) ustez, "oso garrantzitsua da egia jakitea". Haien denen iritzi bera azaldu du Jose Miguel Nuinek (Ezkerra).

Nafarroako SOS Haur Lapurtuak elkartea joan den azaroan sortu zuten, eta, geroztik, 32 familiak bat egin dute harekin. Haur lapurtuen auziak, hala ere, anitzez ere jende gehiago ukitzen duela argi utzi dute elkarteko ordezkariek. "Ehun pertsonak baino gehiagok jo dute jada erregistrora informazio bila". Haren arabera, erregistroan, ospitale eta kliniketan, Iruñeko hilerrian eta informazioa izan dezaketen gainerako erakundeetan oztopoak baino ez dituzte aurkitu haurra lapurtu zieten susmoa duten familiek, kasu gehienetan. Horregatik joan ziren aurreko astean Nafarroako Parlamentura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.