UPN eta PP berriro elkarrekin daude, gaur arratsaldean Yolanda Barcina UPNko presidenteak eta Mariano Raxoi PPkoak Iruñean akordioa sinatuta. Itunaren ondorioz, azaroaren 20an Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan elkarrekin aurkeztuko dira.
2008ko martxokoan ere batera aurkeztu ziren, eta Nafarroako lehen indarra izan ziren (Kongresukoetan 131.618 boto, %39,29ko babesa, bi diputatu). 2008ko urrian, ordea, PPk jakinarazi zuen UPNrekin zeukan ituna hautsi egin zuela, UPNk Espainiako Gobernuaren (PSOE) aurrekontuak babestu zituelako —Carlos Salvadorrek alde bozkatu zuen, Santiago Cerverak kontra—. 1991tik zuten ituna.
Espainiako oraingo bozetan Kongresuko zerrendan UPNkoa izango da zerrendaburua, bigarrena PPkoa, hirugarrena UPNkoa. Senatukoan UPNkoa izango da aurrena eta bigarrena, PPkoa hirugarrena.
Barcinak eta Raxoik aipatu dute "akordio ona" dela Nafarroan "zentro-eskuinak" irabaz dezan, "eta ez Nafarroan sinisten ez dutenek".
Aurten maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan UPN eta PP aparte aurkeztu ziren. Foru bozetan UPNk hemeretzi parlamentari lortu zituen (111.278 boto, %34,5eko babesa, lehen indarra), PPk lau (23.449 boto, %7,3ko babesa, bosgarren indarra). PSNrekin gobernu ituna du UPNk.