UPN Nafarroan bozak aurreratu nahian dabilela uste du Bilduk

Azken legealdian UPNk eta PSNk gobernatu dutela oroitarazi, eta iritsi berri balira bezala ez jokatzeko eskatu die

joxerra senar
Iruñea
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
UPNk azaroaren 20ko hauteskundeetarako PPrekin hitzarmena egin geroztik, ika-mika politikoak piztu dira PSNren eta UPNren artean. Gastu publikoaren murrizketen harira, desadostasunak publikoki azaleratu dituzte bi alderdiek. Herenegun bertan, Yolanda Barcinak Nafarroako lehendakariak adierazi zuen bozetan PSN-PSOEk Nafarroan eta Espainian emaitza txarrak izateak eragina izan dezakeela gobernu itunean. Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezen ustez, balizko haustura baten inguruko adierazpenok beste asmo batzuk ezkuta ditzakete: «Hauteskundeak aurreratzeko prestatzen ari dira. Hipotesi hori ezin da baztertu».

Laster, Nafarroako Gobernuak ehun egun beteko ditu, eta, horren harira, atzo Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariek prentsaurrekoa eman zuten Iruñean. Ironiaz, Ramirezek azaldu du «desgobernuaren lehen ehun egunak» izan direla. Aipagarritzat jo du egunero gobernuko arduradunek elkarren arteko kontraesanak azaltzea edo finantza publikoen inguruko egoeraren inguruko datu zehatzik ez ematea. Horregatik, «gardentasuna» exijitu dio gobernuari.

Kezkatuta azaldu dira Bilduko parlamentariak Nafarroako ogasunaren benetako egoerarekin edo gastuaren murrizketekin. Baita egoera horren inguruan PSNk eta UPNk azaldu duten jarrerarekin ere. «Ematen du ilargitik erori direla. Kiebran den gobernu batekin topatu direla eman nahi dute aditzera, baina eurak dira erkidego hau kudeatu dutenak. Ardura politikoak hartu behar dituzte», salatu du.

Bakartxo Ruizek, berriz, argi du bozei begira UPNk eta PPk hitzartu duten itunak «Nafarroako abertzaleen eta aurrerakoien bultzada geraraztea» duela helburu. «Oso jokaldi esanguratsua da», aipatu du Ruizek, eta «aldaketa politikoari dioten beldurra» adierazten duela uste du. Horren erakusle, udan zehar UPNk Leitzan, Altsasun eta beste udal batzuetan jarritako «trabak» salatu ditu: «Azken asteetan polemika faltsuen bidez Bilduren kudeaketa ezkutatzen saiatu dira».

Ruizek galdetu egin dio Nafarroako Gobernuari zer egiteko prest dagoen normalizazio politikoaren alde. Orain arte ezer ez proposatzeaz gain, «ideien jazarpenaren, inputazioen eta legez kanpratzearen mehatxuen alde» egin duela gaitzetsi du. Hala ere, Ruizek «berriz ere» eskatu dio gobernuari urratsak egin ditzala.

Jimenez: «PSN leiala da»

Yolanda Barcinaren adierazpenen harira, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusi eta gobernuko lehen presidenteordeak esan du gobernu koalizioko ituna betetzeko prest dagoela: «Alderdi Sozialista eta ni pertsonalki sinatzen dugunarekiko leialak gara. Leial izateko prest ez dagoen inor badago, argi eta garbi azaldu beharko dio Nafarroako eta Espainiako gizarteari», erantzun dio Barcinari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.