Politika

UPNk, CDNk eta PSNk Nafarroako 2009ko aurrekontuen akordioa sinatu dute

Gobernuak sozialistek aurkezturiko 143 zuzenketak onartu ditu. "Krisi garaian hiru alderdiok erantzukizun politikoa agertu dugu", esan Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak.

2008ko azaroaren 20a
16:42
Entzun
Iragarri zen bezala, Nafarroako Gobernuak (UPN, CDN) eta PSNk datorren urteko aurrekontuei buruz akordioa lortu dute eta, hain zuzen, gaur bertan sinatu dute hori. Gobernuak PSNk aurkezturiko 143 zuzenketak onartu ditu horretarako. UPNk eta CDNk ez dute parlamentuan gehiengoa osatzen -bi eserleku falta zaizkie horretarako-, eta beharrezkoa dute beste alderdi baten babesa -hamabi diputatu ditu PSNk-.

"Krisi garaian hiru alderdiok erantzukizun politikoa agertu dugu", esan du gaur Miguel Sanz (UPN) Nafarroako Gobernuko lehendakariak. "Indarrak batu ditugu, ahaleginak biderkatu eta honela, burokrazia ere murriztuko dugu".

4.300 milioi eurokoa izango da 2009ko aurrekontua, eta Sanzek jakinarazi du enplegu eta gizarte arloei eman dietela lehentasuna -ekimen sozialetan aurrekontuaren %55 inguru xahutuko dute-.

Hezkuntzari dagokionez, ikastetxeetan informatika eta ingelesa sustatuko dutela adierazi du Sanzek. Iragarri duenez, eskainiko dituzten irakasle postuen erdietan ingelesezko maila "egokia" eskatuko dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) finantzaketak PSNren eta Gobernuaren "babes osoa" duela azpimarratu du. Horren harira, 2010-2013rako NUP finantzatzeko bi milioi euroko emendakina onartu du Gobernuak.

Enpresa txiki eta ertainen elkarteen gaineko zerga %24tik %23ra jaitsiko dutela azaldu du Sanzek. Gainera, 2009an eta 2010ean enpresa bat zabaltzen dutenei zerga ordaintzea atzeratuko dietela esan du.

Hiru alderdiek aurrerantzean akordioak lortzen segitzeko borondatea dutela esan dute. 2008ko aurrekontuetan ere PSN Gobernuaren alde agertu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.