UPNk eta CDNk gehiengo osoa galduko lukete, CIESen arabera

2007ko bozetan lau eserleku lortuko lituzke Aralarrek, hiru Batasunak, bi EAk eta bat Batzarrek

BEÑAT EGUES IRUÑEA
2006ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
UPNk eta CDNk gehiengo osoa galduko lukete Nafarroako Legebiltzarrean, hauteskundeak orain egingo balira. Hala ondorioztatu du, behintzat, CIESek nafarren boto intentzioaren inguruan egindako inkesta batean. Horren arabera, UPN 23 eserlekutatik 21 izatera pasako litzateke, eta CDN, berriz, lautik hirura.

Alderdi abertzaleen ordezkapenak gora egingo luke, zortzi eserleku izatetik hamar izatera pasako lirateke; baina, beti ere, Batasunak edo haren lekua hartuko lukeen alderdiak 2007ko hauteskundeetara aurkezteko aukera izango lukeela kontuan hartuta. Hala, abertzaleen artean alderdirik bozkatuena Aralar litzateke, eta lau eserleku eskuratuko lituzke. Batasunaren inguruko alderdiak hiru eserleku lortuko lituzke, EAk bi, Batzarrek bat, eta EAJk ez luke bakar bat ere lortuko.

Dena den, inkesta horretan ez dute Nafarroa Bairen aukera aztertu, eta koalizioan abertzaleek eserleku gehiago lortzeko aukera izango lukete. D'Hont legearen arabera, lehen eserlekuak lortzeko behar dira boz gehien, ondoren, boz gutxiagorekin eserleku gehiago lor daitezke. Hala, bestela galdurik geratuko liratekeen zenbait boz Nafarroa Bairen zerrendetan pilatuko lirateke.



PSN ETA NEB-IUN GORA.Boz gehiago jasoko lituzkete PSNk eta NEB-IUNek. PSN 11 eserleku izatetik, 12ra pasako litzateke, eta NEB-IUNek lau izaten jarraituko lukeen arren, boto gehiago jasoko lituzke.

Mapa politiko berriarekin, gobernu aldaketa baten alde egiten du nafarren gehiengoak, eta herritarren %26k Nafarroa Bairen, PSNren eta NEB-IUNen artean osaturiko gobernuaren alde egiten dute. Herritarren %25ek, berriz, UPNren eta CDNren arteko gobernua mantentzea nahi dute. Gainontzeko aukerek ez dute herritarren babes zabalik jaso.

Bestalde, herritarren %67k ez dute Nafarroa EAErekin elkartzerik nahi, eta nahi dutenak %20 baino ez dira. Dena den, Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioetan Nafarroari eragiten dion adostasunen bat lortzea egokia litzatekeela iruditzen zaie herritarren %27ri; eta aldiz, hori erabaki okerra litzatekeela pentsatzen dute herritarren %59k.

Hala, Nafarroak nahiko autonomia duela uste dute nafarren %70ek, baina gehiago izan beharko lukeela iruditzen zaie herritarren %20ri. Dena den, Nafarroak eskumen gehiago eduki beharko lituzkeela uste dute %62k, eta askozaz ere gehiago izan beharko lituzkeela, horietatik %13k.

Dena dela, nafarren egoera politikoa ona dela uste dute herritarren %28k, hala-holakoa %41ek, eta txarra %24k. Hala, 2007ko hauteskundeetan egoerak hobera egingo duela uste dute %20k.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.