«Nafarroan zentro-eskuineko boto bakar bat ere ezin dugu alferrik galdu». Nafarroako presidente Yolanda Barcinarenak dira hitzak, eta, helburu horrekin, UPNren eta PPNren arteko akordioaren aldeko apustua egin du, azaroaren 20ko hauteskundeei begira. Barcinak iragarri du bozetan elkarrekin aurkezteko proposamena egin diola UPNk Nafarroako PPri, «Bildu eta Aralar Nafarroaren ahots izan ez daitezen» Madrilen.
Hori da Yolanda Barcinaren kezka nagusia, eta, erran duenez, ez du «deus egin gabe gelditzeko» inolako asmorik: «UPNko presidente gisa ezin naiz hautes- kundeen zain gelditu, bertzerik gabe. Ezin dut onartu hauteskundeen egunean egunkariek erratea Nafarroan Bilduk irabazi duela».
UPNk eta PPk duela hiru urte utzi zuten bertan behera haien arteko akordioa, eta maiatzeko hauteskundeetan bakoitzak bere zerrenda aurkeztu zuten. Bat egiteko aukera mahai gainean da orain, berriz ere. PPNko Santiago Cerverarekin bilerak egiteko asmoa iragarri du Barcinak, aukera hori gauzatu ahal izateko. Cervera horretarako prest agertu da, baina nolanahi ere, UPNk PSNrekin akordioa duela kontuan hartuta, beraiekin ituna egitekotan koherentzia nola mantendu behar duen azaldu beharko duela ohartarazi dio Barcinari.
«UPN, galtzeko beldur»
Nafarroako Gobernuan UPNren bazkide den PSNk egin du erregionalisten eta PPkoen arteko balizko akordioari buruzko analisia. UPNren eta PPNren arteko akordioa berritzeko asmo horrek agerian uzten du erregionalistak hauteskundeak galtzeko beldur direla. Hori uste du, behintzat, PSNko Roberto Jimenezek, jendaurrean azaldu duenez. «UPN hauteskundeak galtzeko beldur da, ez Bildurengatik, baizik eta PSNrengatik», zehaztu du.
Barcinak PPNri egindako proposamenaren harira, Jimenezekgogora ekarri du Groucho Marxen esaldia: «Hauek dira nire printzipioak; gustuko ez baditugu, badut bertzerik». Jimenezen hitzetan, UPNk bertze alderdiak ditu buruan politika egiten duenean; ez, ordea, herritarrak.
«Alderdi sozialista da Nafarroako Gobernua denona eta denontzat dela bermatzen duena», gaineratu du Roberto Jimenezek.
UPNk eta PPNk berriz elkartzeko aukera aztertuko dute
Barcinak bozetarako akordioa eskatu dio PPri, «Bildu eta Aralar Nafarroaren ahots izan ez daitezen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu