politika

UPNk eta PSNk "eredua" eman dute Nafarroako 2010eko aurrekontuak ere adostu izanagatik

Gobernuak gaur jo du ontzat proiektua. Nafarroa Baik eta NEBek osoko emendakina aurkeztuko dute.

2009ko azaroaren 2a
13:55
Entzun
UPN eta PSN aurten ere iritsi dira Nafarroako datorren urteko aurrekontuei buruzko akordiora, eta Alberto Catalan gobernuko bozeramaileak adierazi du "eredu garbia" eman dutela bi alderdiek, "arduratsu" jokatu dutelako. Nafarroako Gobernuak gaur jo du ontzat proiektua, eta gaur bertan erregistratu du parlamentuan.

"Konfrontaziora jo beharrean, interes orokorrak lehenetsi dituzte UPNk eta PSNk", Catalanen arabera. "Logikoa da krisi garaian elkarrizketa eta akordioak egotea".

Fiskalitate aldetik neurri "praktikoak" hartuko dituztela jakinarazi du, "Nafarroako ekonomiak hazten jarraitzeko".

Samuel Caro PSNko legebiltzarkideak adierazi du orain, parlamentuko eztabaidan, Hezkuntzan eta Gizarte Gaietan "hobekuntzak" erdietsi nahi dituztela.

Nafarroa Baik eta NEBek kritikatu egin dute aurrekontuen proiektua, eta biek osoko emendakina aurkeztuko dutela iragarri dute. "Jakina zen akordioa lortuko zutela", esan du Patxi Zabaleta NaBaiko parlamentariak, eta salatu du PSNk, "zoritxarrez", UPNrekiko "menpeko" jarrera duela. "Programarik ez du". NaBaik proposamen "aurrerakoiak" egingo dituela dio Zabaletak. Ana Figueras NEBeko parlamentariaren ustez, "merkea eta oso eskasa" da akordioa.

CDN, berriz, prest azaldu da UPNrekin negoziatzeko.

Duela hilabete ingurutik gobernuan bakarrik dago UPN -Miguel Sanz lehendakariak bidali egin zituen CDNko bi sailburuak-. 50 parlamentarietatik 22 legebiltzarkide ditu. PSNk, hamabi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.