Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ildo politiko instituzionalaren arduradun Iñaki Lasak argi du: «Zenbakien atzean politikak daude». Horregatik dio Nafarroako Gobernuak 2012rako aurrekontuetan euskarari adjudikatutako diru kopuruaren murrizketak ez duela «krisiarekin» zerikusirik, «euskararen normalizazioa galgatzeko politikarekin baizik». Era horretan salatu ditu Kontseiluak UPNk eta PSNk, Nafarroako Gobernuko agintariek, 2012rako aurkeztutako aurrekontuak. «Berez murritzak ziren 2011ko aurrekontuak gehiago murriztera datoz», salatu du erakundeak, eta ohartarazi du «kolpe latza» izango direla. Eta murrizketa «krisiaren aitzakian» egin bada ere, erakunde euskaltzaleak argi du gobernuaren asmo politikoa: «Euskararen aldeko mugimendua ekonomikokiitotzea». Agerraldia egin zuten atzo Iruñean gogoeta horiek plazaratzeko.
Lasaren arabera, gobernuak egoera ekonomikoa argudio gisara erabili du murrizketak egiteko, baina, haren ustez, euskararentzako diru kopuruak «ez dira proportzioan jaitsi». Izan ere, aurrekontuetan oro har %2,95eko murrizketa izan bada ere, euskaltegientzako eta euskara sustatzeko kanpainentzako laguntzak nabarmen urritu dira. Kasua zinez larria da euskarazko hedabideentzako diruaren kasuan: %100eko murrizketa. Hau da, ez dute dirurik emango: euro bakar bat ere ez. Horrek aski ataka gaiztoan jarriko ditu hedabideak.
Ingelesa garaile
421 programari —eskolako hizkuntz planifikazioa du xede— dagokionez ere, datuak euskararen aurkakoak dira: euskarari 182.968 euro ematen zaizkio, eta ingelesari eta atzerriko hizkuntzei, berriz, 901.400 euro; hala gogorarazi du Lasak. Gainera, Nafarroako Gobernuak aurten aurrekontuetan «gaztelania sustatzeko» atal bat ireki duela deitoratu du Lasak: «Onartezina da».
Euskarabidearen funtzionamendua ere auzitan jarri du; aurrekontuetan euskarari eskainitako diru guztiaren %72,44 bertara doa. Euskararen sustapenaren ikuspegitik, ordea, Euskarabidea «gezur handia» dela salatu du. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak argi azaldu du itxaropena gizartearen euskaltzaletasunean daukala jarrita. «Euskaraz bizi nahi duen jendeak egoera tamalgarri hau alda dezake».
UPNk eta PSNk euskararen aldeko mugimendua «ito» nahi dutela dio Kontseiluak
Nafarroako Gobernuak 2012rako aurkeztutako aurrekontuek euskarari «kolpe latza» emango diotela ohartarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu