Politika

UPNk eta PSNk udal organu batzuetatik bidali dute EAE-ANV

ETAk eginiko azken atentatuak ez gaitzesteagatik Comiruña elkarteko eta Alde Zaharreko osasun zentroetako ordezkaritzak kendu dizkiote. UPN eta PSNk 'gaitzespena' hitza "arerioa indarrez garaitzeko" erabiltzen dutela azaldu du EAE-ANVk.

2007ko azaroaren 16a
17:04
Entzun
Iruñeko Udalaren gaurko osoko bilkuran EAE-ANV udal organu batzuetatik bidaltzea erabaki dute, UPN eta PSNren aldeko botoekin. Alderdiok EAE-ANVrengan “konfiantza galdu” izana arrazoitu dute, ETAk eginiko azken atentatuak ez gaitzesteagatik. EAE-ANVk eta Nafarroa Baik erabakiaren kontra bozkatu dute.

Marije Pueyo EAE-ANVren zinegotziak alderdiak bere estatutuetan indarkeria baztertzen duela adierazi du eta “giza eskubide guztien defentsaren alde” daudela. "Alderdiak bere irizpideak erabiltzen ditu eta nahi duenean esan edo isilarazten ditu. Zuen inposaketak ez onartzea beste gauza bat da”. UPN eta PSNk 'gaitzespena' hitza "arerioa indarrez garaitzeko" erabiltzen dutela azaldu du Pueyok. Bi zinegotzi dituzte Iruñeko Udalean -UPNk hamabi, Nafarroa Baik zortzi eta PSNk lau-.

EAE-ANVri kendu dizkioten ordezkaritzak, Comiruña elkarteko eta Alde Zaharreko osasun zentroetakoak dira. Karguok legealdia hasi zutenean eman zizkioten; UPNk soilik eman zuen aurkako botoa orduan. PSNk adierazi du legealdiaren hasieran ETAren atentaturik ez zela izan, orain badirela eta horregatik aldatu duela iritzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.