Nafarroa

UPNk irabazi ditu bozak, baina gobernu alternatiboa osa daiteke

Geroa Baik bederatzi ordezkari lortu ditu, EH Bilduk zortzi, Podemosek zazpi eta Ezkerrak bi, eta denen artean 26ko gehiengoa dute. 

Uxue Barkos, garaipena ospatzen. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
J.Senar-E.Elizondo
2015eko maiatzaren 24a
22:23
Entzun

Lehia estua eta emozioa azken uneraino. Espero bezala, ezein alderdik ezin dezake aldez aurretik esan gobernua osatuko duela, baina alternatibaren indarrek 26 eserleku badituzte. Azken uneraino azken eserlekua jokatu zuten PSNk eta Geroa Baik eta azken emaitzaren arabera, Geroa Bairen alde atera zen. Hala koalizio abertzalea bigarren geratu zen, bederatzi eserlekurekin. UPNri azken bi astetan egindako kanpaina gogorrak funtzionatu zion eta inkestek iragarritakoa baino emaitza hobea lortu zuen: 15 eserleku lortu zituen UPNk, baina horrek ez dio ziurtatzen gobernua osatu ahal izatea. Alternatibaren indarrek 26 eserleku zenbatzen dituzte, eta ikusi beharko da hurrengo asteetan zer gertatzen den.

Hauteskunde eguna lasai joan zen, gorabehera handirik gabe. Parte hartze handia izan zen, duela lau urte baino handiagoa. 18:00ra arteko datuen arabera, 2011n baino %2,2 handiagoa izan zen parte hartzea. Harrigarriki, gero ez zuten datu ofiziala eman. Dena den, botoen %96,8 zenbatuta, parte hartzea %71,3koa izan zen eta abstentzioa %28,7koa. Horrek esan nahi du 2011n baino lau puntu hobetu zela.

Hauteskunde-eguna lasai joan bazen, hauteskunde gauarekin guztiz kontrakoa gertatu zen. Botoen zenbaketa oso motela izan zen, eta dantza handiak egon ziren eserlekuetan. Hasiera batean, UPN, EH Bildu eta Geroa Bairen artean zegoen lehia nagusia. Baina botoen erdiaren zenbaketak aurrera joan ahala, argi geratu zen UPNk irabaziko zituela hauteskundeak. Hamabost eserlekurekin geratu zen azkenean alderdi erregionalista. Hala ere, garaipen mingotsa izango da.

Izan ere, duela lau urte baino boto galera handia jasan zuen: 111.474 boto lortu bazituen 2011n, atzo botoen %97,7 zenbatuta, 89.836 lortu zituen. Emaitza horiekin lau eserleku galdu zituen eta hamabost eskuratu guztira. Alde handiz irabazi zion bigarren indarrari, baina ez PSNren ez PPren botoek ez diote ematen gehiengorik gobernua osatzeko. Hartara, garaipen oso garratza izango da UPNrentzat.

Geroa Bai, bigarren

Geroa Baik alternatibako indarrean artean bigarren geratzea lortu zuen, eta bederatzi eserleku lortu zituen guztira. Horrek lidergoa ematen dio Uxue Barkos presidentegaiari alternatibako indarrean artean gobernua osatzeko. Geroa Baik, botoen %97,7 zenbatuta, 52.077 boto eskuratu zituen, eta duela lau urte NaBai-2011 koalizioak baino emaitza hobeak atera zituen: 49.827 eskuratu zituen orduan, baina Aralar taldea koalizio barruan zegoen orduan. Inkestek aditzera ematen zuten Barkosen hautagaitzak bultzada handia zuela herritarren artean, eta emaitzek joera hori berretsi zuten.

EH Bildu hirugarren geratu zen, eta zortzi parlamentarirekin kontsolidatuta geratu zen, botoen %97,7 zenbatuta. Azken botoen faltan, 46.933 lortuta zituen, eta Bilduk 2011n baino emaitza hobeak lortu arren, Aralarren batuketak ez du lortu koalizioak hazkunde handiagoa izatea. Aipagarria da, zonaldeka Nafarroa iparraldean eta Piriniotan irabazi zuela, baita Tafalladean ere. Adolfo Araiz zerrendaburuak lehen erreakzioan azpimarratu zuen emaitzek aldaketa ahalbidetuko dutela. «Esaten genuen. Benetako aldaketa posible eta orain posible da 26 eserlekurekin. Zorionak Nafarroa», esan zuen.

PSNk bere gainbehera geratzea lortu zuen. Egia da 2011n, 1979ko lehen foru hauteskundeak kenduta, emaitzarik txarrenak lortu zituela. Haatik, orduan, 51.200 botorekin bederatzi eserleku lortu zituen. Atzo, berriz, marka hori okertzea lortu zuen, eta botoen %97,7 zenbatuta, 44.328 eserleku lortu zituen. 1979ko emaitzak hobetu arren, inoizko txarrenak lirateke. Zazpi eserlekurekin geratuko da. Dena den, inkesta batzuek gutxiago ematen zioten. Uneren batean, Geroa Bairi azken eserlekua lehiatu bazion ere, eta zortzi parlamentari lortzear izan bazen ere, ez zuen azkenik lortu.

Podemos ia gau osoan laugarren zihoan, baina azkenik PSNri berari aurrea hartu zion, eta indar handiz sartu zen. Botoen %97,7 zenbatuta, 45.049 eskuratu zituen eta zazpi legebiltzarkide lortu.

PPk eta Ezkerrak, botoen %96,8 zenbatuta, 12.000na boto lortu zituzten eta bina parlamentari eskuratu. Ciudadanos, berriz, Parlamentuan sartzear egon zen, baina ez zuen %3a gainditu.

Gehiengoa dira aldaketaren aldekoak Iruñean

Irabazi, bai. Alkatetzari eusteko behar zuen eserleku kopurua ez du lortu UPNk, ordea. Hamar zituen, orri hau idazterakoan, botoen ia %97 zenbatuta. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, eserleku bakarra galdu dute erregionalistek. Aldaketaren alde egin duten taldeen batuketak, ordea, galera nabarmenagoa ekartzen ahal dio UPNri: Iruñeko bigarren indarra zen EH Bildu, bost eserlekurekin. Bertze bost eserleku lortu zituen Geroa Baik; hiru Aranzadik; eta bakarra Ezkerrak. PSNk, berriz, hiru eserleku jaso zituen. Beraz, EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Ezkerrak izan dezakete aldaketa gauzatzeko giltza.

Eserleku bat eta milaka boto galdu ditu UPNk; 34.400 baino gehiago jaso zituen 2011n; atzo, berriz, 30.400 zituen, ia boto guztiak kontuan hartuta. PPk ere behera egin du. Duela lau urteko hauteskundeetan bi eserleku lortu zituen, baina esku hutsik gelditu da alderdi popularra, oraingoan, Iruñeko Udalean. Ciudadanosek eta UPDk ere ez dute Nafarroako hiriburuko herriko etxean sartzea lortu.

Sozialistek duela lau urte eskuratutako eserleku kopuru berari eutsi zioten, zenbatzea ia amaituta zenean. Hiru zinegotzi izanen dituzte datozen lau urteotan ere; baina botoetan pixka bat behera egin du PSNK: 11.200 baino gehiago jaso zituen orduan; botoen %97 zenbatuta, 10.058 zituen.

Iruñea ez da bakarra

Iruñea ez da izan aldaketaren alde mintzatu den bakarra, Nafarroan. Hainbat herritan, hauteskundeen emaitza erabat irauli egin zen atzo, duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta: Tafallan, adibidez, alkatetza izan du UPNk azken lau urteotan. Atzo, bigarren gelditu zen, lau eserlekurekin. EH Bilduk lortu du boto gehien, eta, haiei esker, zortzi eserleku eskuratu ditu Tafallako Udalean. Tafallaren Aldeko Ekimenak bi lortu ditu, PSNk bertze bi, eta, Ezkerrak, azkenik, bat.

Burlatan ere aldaketaren alde egin dute. UPN izan da agintean azken urteotan. Atzo, berriz, Burlata Aldatuz nagusitu zen, bost eserlekurekin; bertze bost jaso ditu EH Bilduk; UPNk lau; PSNk bi; eta Ezkerrak bat.

Barañainen UPN zen nagusi, eta atzo ere irabazi zuen, sei eserlekurekin; aldaketari aurre egiteko, hala ere, ez dira nahikoak: EH Bildu izan da bigarren lau eserlekurekin; Geroa Baik hiru lortu ditu; hiru PSNk, Ahal Duguk babestutako plataformak bi; IE-Equok bi; eta Barañaingo Herriak bat.

Tuteran UPNk irabazi zuen, sei eserlekurekin; kopuru bera lortu du Ezkerrak, ordea. PSNk hiru ditu, eta TDPD plataformak ere hiru. 2 dira PPrentzat, eta bakarra CUPentzat. Lizarran ere UPN nagusitu da, baina aldaketa gauzatzeko aukera mahai gainean da. Altsasun Geroa Bai nagusitu da; Berriozarren, berriz, EH Bildu.

Adolfo Araiz (EH Bilduko presidentegaia): "Batzuek ez dute baztertu PSN, baina gu ez gara fidatzen"

Uxue Barkos (Geroa Baiko presidentegaia): "Bozetara berriz deitzeko mezua ematea iruzur hutsa da"

Laura Perez (Ahal Duguko presidentegaia): "Nola fidatuko gara hainbeste aldiz traizio egin digutenekin?"

Jose Miguel Nuin (Ezkerrako presidentegaia): "Aurpegiak trukatuz gero soilik, porrot egingo dugu"

Maria Txibite (PSNko presidentegaia): "Ez naiz hasiko izan zitekeena eta jazo ez zena berrikusten"

Ana Beltran (PPko presidentegaia): "Leial jokatu dugu, aldaketa baino hobea zelako zegoena"

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.