Zalbak gogoratu du Javier Esparzak berak onartu duela PP eta UPNren arteko itunek Volkswageneko BEZaren gatazkaren modukoak gainditzeko balio izan dutela. PPko buruak uste du, hauteskundetara elkarrekin aurkeztuz gero "irabazle bakarra" egongo dela, eta hori "Nafarroa eta nafarrak" direla. "Ezin dugu onartu senatuan Nafarroa hiru senatari abertzalek ordezkatzea".
UPNk adierazi duenez, ez du jaso PPren inongo eskaintzarik Espainiako hauteskundeetara elkarrekin joateko. "PPko zuzendaritzak koalizio bat osatu nahi badu, beti bezala kontuan izango dugu eta behar den erabakia hartuko dugu. Hori urriaren 30ean izango da, egun horretan Javier Esparzak alderdiaren jokaera zein den zehaztuko baitu", azaldu du UPNk. Urriaren 30an alderdi erregionalistaren zuzendaritza eta batzorde politikoa bilduko dira abenduko hauteskundeei buruzko erabakiak hartzeko.
Gaur goizean Iruñean alderdiko gazteekin egindako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok Zalbak. "Nafarroako gazteek ez dute merezi abertzaletasuna boterean betikotzea". Haren aburuz, Nafarroa ekintzailea eta dinamikoa "berreskuratu" behar da. Espainia eta Eurparentzat "adibide" zelako. Zalbak uste du, hori horrela zela Nafarroan UPNk PPrekin eta Espainian PPk agintzen zutelako.
Alderdien arteko harremanei dagokionez, Zalbak azaldu du UPNrekin "beti" egon direla harremanetan. "UPNk eta guk erlazio bikaina dugu". Zalbak azaldu du alderdiaren kudeaketa batzordearen burua hartu zuenetik beti luzatu diola eskua UPNri. "PP batzen duen alderdia da, eta zatiketaren aurrean beti batasunaren alde egiten du".