Ahulezia parlamentuko lehen bilkuran bertan utzi du bistan Nafarroako Gobernuak: UPNri bizkar eman dio orain arteko bazkideak, PSNk, eta gobernuaren murrizketa planak zapuztu ditu. Eskolako liburuak doan emateari uzteko proposamena presaka eraman zuen parlamentura atzo UPNk, baina elkar hartu zuten oposizioko taldeek, PSNk tartean, eta atzera bota zuten eskaria. Gobernuak ezingo du kendu mailegu sistema. Murrizketa gehiagok ere sortu zuten eztabaida: Espainiako Gobernuak osasunean eta hezkuntzan egindako mozketen aurka joko du parlamentuak auzitara. UPNren kontrakoa ere bada erabakia, gobernuak ezetz esan baitzion helegitea jartzeari. Baina, hara: hezkuntzako mozketen aurka jotzea babestu du UPNk.
Azterketa gisakoa zen atzokoa Yolanda Barcina presidentearentzat. PSN gobernutik botata eta Alvaro Miranda presidenteordeak dimisioa emanda, kontseilari berriek inguratuta joan zen parlamentura. Sartu aurretik aitortu zuen beste egoera bati egin beharko diola aurre orain: «Kohesioa irabazi dugu gobernuan, eta egonkortasuna galdu parlamentuan. Denbora irabazi dugu gobernuan, eta orain parlamentuan erabili beharko dugu». Gainerako alderdiei begira jarri da orain Barcina, gutxiengotik: «Botoa ematean arduraz jokatzea espero dut, Nafarroan pairatzen ari garen egoera ekonomikoa ikusita».
Bozketa erabakigarrienetan, ordea, bizkar eman zioten gainerako alderdiek UPNri. Presazko ekimen bat bazuen atzo gobernuak, datorren ikasturtean bertan abian jarri nahi zuena: eskolako liburuak doan emateari utzi nahi dio Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak. Ez da murrizketa, haren hitzetan, sistema «bidezkoagoa» baizik: liburuak doan eman partez, gurasoei erosarazi egin nahi dizkiete, eta gero diru laguntzak eman, errentaren arabera.
Hezkuntza Departamentuak ia dena prest zuen sistema aldatzeko; eskolei argibideak igorri zizkien joan den astean bertan. Ordea, PSN oposiziora igarota, ikusteko zegoen zer gertatuko zen. Iribasen proposamena koalizio gobernuaren garaikoa zen, eta sozialistek ez zuten aurkako iritzirik agertu. Jarrera aldatu dute orain: NaBairekin, Bildurekin eta Ezkerrarekin bat eginda, atzera bota dute legea orain aldatzea.
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak eman ditu jarrera aldatzearen arrazoiak. Azaldu du gobernuak neurria iragartzean sozialistek ez zutela begi onez hartu baina isildu egin zirela. «Koalizio batean adostasunak bilatu behar dira, eta gai hori utzi egin genien. Baina ez dator bat pentsatzen dugunarekin». Egoera aldatu dela ohartarazi dio Barcinari: «Jakin behar du koalizioa hautsita eskuak libre ditugula».
Helegiteak eta kontu eskeak
Gobernutik kanpo egoteak eman dio modua PSNri hezkuntzako eta osasuneko mozketen kontra egiteko. UPNk ezetz esan zion gobernuan. Parlamentuak ere egin dio gobernuari eskari hori bera.
Parlamentuan izan du babesa PSNk, eta, deigarri bada ere, baita UPNrena ere, zati batean. Hezkuntzan mozketak agintzen dituen dekretuari helegitea jartzea babestu du Barcinaren alderdiak, gobernuan bere egin baditu ere. Parlamentuko legelariek egindako txostenak hartu ditu ahotan Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak erabakia arrazoitzeko: «Eskumenak urratu egin dizkigutela esan dute, eta, beraz, guk horren aurka egingo dugu». Nolanahi ere, argi utzi du neurri horiek betetzen segituko duelagobernuak. Osasuneko murrizketak ez ditu babestu UPNk, legelariek ez dutelakoan argi esan eskumenak urratzen dituztela. PPk bi errekurtsoen kontra bozkatu du.
Helegiteak jartzearen alde defentsa sutsua egin du PSNko eledun Juan Jose Lizarbek. Adierazi du eskumenak urratzen dituztela Espainiako Gobernuaren dekretuek, eta «eskubideak murriztea» ekarriko dutela PPren neurriek. Gainerako alderdiek ere bat egin dute Madrilgo gobernuaren kontrako kritikekin —ezartzen ari den neurrien aurkako mozio bat ere onartu dute—, baina kontuak eskatu dizkiote Iruñekoari ere, neurri horiek ezartzen ari denez gero. Elkar hartu arren, sozialisten aurka ere jo dute taldeek. Maiorga Ramirez, Bilduko eleduna: «Gure helburua ez da jakitea zer dioen Auzitegi Konstituzionalak, neurriak ez ezartzea baizik. PSN itxura egiten ari da orain».
Nafarroa. Gobernuaren egoera
UPNren ahulezia azaleratu du PSNk, mozketen kontra oposiziora bilduta
Nafarroako Parlamentuak itxi egin dio bidea eskola liburuak doan ez emateko gobernuak egindako eskariari, PSNk aurka egin duelakoLegebiltzarrak auzitara joko du hezkuntzako eta osasuneko murrizketa dekretuen kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu