Alkate aldaketa izan da Vianan. Jose Luis Murgiondo UPNko alkatearen aurkako zentsura mozioa eztabaidatzeko udalbatzarra egin dute, eta, tentsio artean, PSNko hautagai Yolanda Gonzalez aukeratu dute alkate. PSNren hiru botoei batu zaizkie Cambiemos Vianako bi zinegotziak eta Geroa Baikoa. Lau ordezkari ditu UPNk. EH Bilduko zinegotzia, berriz, ez da bilkurara joan.
Akordiotik kanpo geratu da EH Bildu. Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin akordioak lortzeko asmoa adierazi izan du PSk, baina baldintza gisa jarrita EH Bildu itun horietatik kanpo uztea. Hala gertatu da Vianan.
Saioan izan dira, besteak beste, Maria Txibite PSNko idazkari nagusia eta Patxi Leuza Geroa Baiko parlamentaria. Hainbat herritar joan dira Murgiondo babestera, eta oihuka erantzun diote Gonzalezen izendapenari. Hark adierazi du "ekintza demokratikoa" izan dela eginikoa, eta argudiatu du Vianak aldatu beharra duela, "dena geldirik dagoelako". "Udalaren ateak zabaldu" nahi ditu Gonzalezek, eta salatu du UPNren gobernuak entzungor egin diela oposizioko alderdiei eta herritarrei.
UPN kritiko azaldu da zentsura mozioarekin. Yolanda Ibañez alderdiko idazkari nagusiak azpimarratu du "argudiorik gabeko" mozioa dela, eta agindu UPNk "oposiziotik lanean" jarraituko dutela.