Ikusi ez dute egin, baina detektatu bai. Italiako zientzialari talde batek egin du aurkikuntza, Mars Express zundan dagoen MARSIS radarrarekin. Radarra kilometro eta erdiko sakonerara iristen denean, haren seinalea aldatu egiten da, eta azaldu dutenez, sakonera horretan radarrak markatzen dituen profilak Antartikan eta Groenlandian dauden izotz azpiko aintziretan markatzen dituztenen oso antzekoak dira.
2012 eta 2015 bitartean egindako neurketak aztertuta iritsi dira ur likidoa dagoen ondoriora. Azaldu dutenez, 20 kilometrotako zabaleran dauden 29 neurketetan gertatu da seinale aldaketa. Roberto Orosei MARSIS radarraren arduradunak jakinarazi duenez, urteetako ikerketa egin dute ondorio horretara iristeko, eta banan bana baztertu dituzte seinale aldaketa justifikatu zezaketen gainerako hipotesiak.
Science aldizkarian argitaratu dute gaur ikerketa, eta Italiako espazio agentzian aurkeztu dute aurkikuntza. Roberto Battiston hango presidenteak esan duenez, "azken urteetako aurkikuntzarik garrantzitsuenetakoa" da.
Atzeman duten ura ur gazia izango dela ere esan dute ikerlariek. Horrexek eta horrez gain izotz kaparen presioa izateak bakarrik justifikatuko bailukete 30-70 gradu zero azpitik eduki arren izoztu gabe egotea. Hala gertatzen da lurrean ere.