Uholdeak

Urak Elizondoko kaleak hartu ditu

Baztan errekak gainezka egin du Nafarroako herrian, eta zazpi pertsona atera dituzte "arrisku handiko" erreskate banatan. [YouTube]http://youtu.be/YAOkHj60ZUY[/YouTube]

2014ko uztailaren 4a
10:39
Entzun

Garbiñe Elizegi Baztango alkateak esan du kalte pertsonalik ez dagoela, baina materialak handiak direla, batik bat Elizondon. "Garrantzitsuena da kalte pertsonalik ez dagoela. Elizondo gaizki dago, eta datozen egunetan egoera hori kudeatu beharko da", esan du.

Ipar Euskal Herrian bezala, zenbait lekukok BERRIAri adierazi diote horrelakorik ez dutela ikusi inoiz. Maialen Belarra BERRIAko kazetariak zuzenean eman du uholdeen berri Elizondotik:

Bi lagun erreskatatu behar izan dituzte gaur goizean. Bat, igerilekuak dauden eraikinetik; garbitzailea dela jakinarazi dute, eta atera ezin geratu dela ibaiak gainezka egin ondoren. Bestea, berriz, zaharren egoitzatik atera dute. Santiago eta Jaime Urrutia kaleak urak hartuta daude.

Javier Morras kontseilariak jakinarazi duenez, erreskateak "arrisku handikoak" izan dira, eta horietako batean urpekariek parte hartu behar izan dute. Igerilekuak meandro batean daudela jakinarazi du Morrasek, eta ordubete behar izan dutela udal langilea ateratzeko.

Yolanda Barcina presidentea Elizondon izan da. Garrantzitsutzat jo du larrialdi zerbitzu guztien lankidetza, eta gaineratu du egoeraren "jarraipen zehatza" egiten ari direla. Kalteak zenbatzea eta "normaltasuna" berreskuratzea da lehentasuna, Barcinaren arabera.

Agerraldia egin du arratsaldean Elizondoko alkatea Garbiñe Elizegik. Azaldu du Elizondo "gaizki" utzi dutela uholdeek, eta datozen egunotan aurre egin beharko diotela. Haren hitzetan, baina, kalte pertsonalik ez dela egon da garrantzitsuena.

Larrialdi planaren lehen maila, bertan behera

Baztanen larrialdi planaren lehen maila ezarri dute, Javier Morras kontseilariak gaur goizean jakinarazi duenez.  16:00erako bertan behera utzi dute.

Morrasek kalteen berri eman du. Esan du Elizondoko osasun etxea urak hartu duela eta ezin dela erabili; osasun arreta Iruritara eraman dute. Liburutegia eta zenbait etxe ere hustu egin behar izan dute. Zazpi herritar atera egin behar izan dituzte etxetik.

Kalteak Ariskunen eta Luzaiden ere badira. Arizkunen haur kanpaleku batean zeuden haurrak handik eraman dituzte arriskua saihesteko. Luzaiden hainbata etxe eta soto hartu ditu urak.

Nafarroan arazoak atzo arratsaldean hasi ziren. Sagasetan (Eguesibar), euriaren eraginez, luizia gertatu zen sakan batean, eta ura oldean sartu zen herrira. 40 bat zentimetro hartu zituen. Gainera, herrirako errepideari ere kalte egin zion urak, eta bakartuta egon zen herria. Inork ez zuen minik hartu, eta herria bera hustu beharrik ez zuen izan Poliziak. Nolanahi ere, kalteak eragin zituen urak kaleetan eta etxeetan.

Bost errepide moztuta

Errepide askotan ere izan zituzten gorabeherak. Arantzan (Nafarroa), berriz, borda batek su hartu zuen, tximista batek jota. Gaur ere hainbat arazo sortu dira errepideetan. Bost errepide daude itxita. Iparraldean Baztanen Iparraldea eta Hegoaldea lotzen dituen N-121-B errepidea moztu dute, Iruritan NA-4404 errepidea eta Erratzun NA-2600 errepidea. Luzaiden, berriz, N-135 errepidean errail bat moztu dute, eta txandaka ari dira trafikoa bideratzen bestetik.

Nafarroa hegoaldean ere badira arazoak. Cascante, Ablitas eta Ribaforada lotzen dituen NA-3242 errepidea 9. kilometroan moztu dute ur putzuengatik. Andosillan ere arrazoi beragatik NA-8715 errepidea moztu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.