Juan Lopez Uraldek eta harekin batera Kopenhagen klima aldaketari buruzko goi bileran protesta egin zuten hamar ekologistek ez dute espetxera itzuli beharko. Auzitegiak hamalau eguneko kartzela zigorra ezarri die ekintzaileei, eta, horrenbestez, ez dute espetxera joan beharko, preso hartu zituztenean egun gehiago egin baitzituzten ziegan: 21. Epaileek onartu dute ekintza berezia izan zela hura, eta arindu egin diete zigorra: «Iritzi publikoaren arreta erakartzea zen xedea, eta afari hartan parte hartzen ari zirenen erabakietan eragitea».
2009ko abenduaren 17an, Kopenhagen klima aldaketari buruz egindako bileraren hondarrean, egin zuten protesta Greenpeaceko kideek. Hainbat gobernuburuk eta estatuburuk afaria zuten; aurrerapenik gabe amaitua zuten batzarra. Uraldek eta beste hiru lagunek lortu zuten agintariek otordua zuten lekuan sartzea, dotore jantzita, segurtasun neurriei izkin eginda. Barruan, kontuak eskatu zizkieten han zeuden agintariei. Politikariek hitz egiten dute; liderrek, ekin zioen kartel bat azaldu zuten. Preso hartu zituzten laurak, eta beste zazpi laguntzaile auzipetu zituzten gero.
Ekintza haren aurka gogor egin zuten Danimarkako agintariek. Atxilotutako lau pertsonak 21 egunez izan zituzten preso, eta Fiskaltzak zigor gogorrak eskatu zituen haien aurka: hiru urteko espetxea eta herrialdera joateko debekua. Ordea, iragan astean eskaria aldatu zuen: 60 eguneko kartzela zigorra eta sei urtez Danimarkara joateko debekua galdegin zituen.
Epaileek, baina, Fiskaltzaren azken eskaria baino zigor apalagoa ezarri diete ekologistei. Hiru delitu jo dituzte frogatutzat: besteren etxean baimenik gabe sartzea, dokumentuak faltsutzea eta beren burua agintaritzat jota iruzur egitea. Fiskalak beste delitu bat ere atzeman zuen: erreginari irain egitea —hark antolatu zuen afaria—; ezetz esan dute epaileek.
Delituen erruduntzat jo bai, baina aringarriak ezarri ditu auzitegiak. Nabarmendu du erabat baketsua izan zela ekintza, eta arreta erakartzea zela helburua. Hala, hein batean zuritu egin du afari tokian sartu izana: «Behar ez zuten lekuan egotea ulertu behar da adierazpen askatasunaren barrenean». Herrialdean sartzea ez diete galarazi, nahiz eta fiskalak hori eskatu; epaileek diote ez dagoela horretarako arrazoirik.
Hiru delituengatik hamalau eguneko espetxe zigorra jaso dute Uralde donostiarrak eta beste hamar ekintzaileek. Ez dute bete beharko, atxilotu ondoren 21 egun pasa baitzituzten preso —aldi horretan «tratu umiliagarria» jasan zutela salatu zuten—. Diru zigorra Danimarkako Greenpeacek pagatu beharko du: 10.000 euro pasatxo. Fiskaltzari bizkar eman diote horretan ere: isuna auzipetuetako bakoitzari jartzeko eskatu zuen.
Uraldek ez du bete beharko zigorra, ezarritako egunak jada eginak baititu
Auzitegiak 14 eguneko kartzelaldia ezarri die Kopenhagen protestatu zutenei; 21 egun igaro zituzten atxilotutakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu