Urriaren 14ra arte atzeratu du epaileak 2009ko urtarrilaren 17anUrbinan (Araba) AHTaren kontrako protesta batean jazotako gertaeretan atxilotutakoen epaiketa, Ertzaintzak bertan grabatu zituen irudiak ikusi ahal izateko. Defentsako abokatuak irudi horiek proba bezala erabiltzearen aurka agertu dira, «manipulatuak» egoteko «aukera» dagoela argudiatuta. Ordea, eskarihori baztertu, eta irudiak ikusteko nahia berretsi du epaileak. Hortaz,Justo Arriola, Julio Villanueva, Aitor Aspuru, Imanol Madariaga eta Ekaitz Lotina auzipetuek 14an jakingo dute haien aurkako azken zigor eskaria.
Epaiketa atzeratu arren Pablo Remirez auzipetuaren kasuan akordioa lortu zuten atzo abokatuak eta fiskalak. Urtebeteko espetxe zigorra hitzartu zuten bi aldeek, hasiera bateko lau urteen ordez. Desordena publikoak eta atentatua leporatu zizkioten hasieran, baita lesio falta bat ere. Atentatuagatik eskatzen zuten zigorra urtebetera jaistea adostu dute, ordea, eta desordena publikoengatik eskaria bertan behera uztea Lesio faltagatik 180 euroko isunaz gain, Remirezek 815 euro ordaindu beharko dizkio lesionatu zuen Ertzaintzari.
Onintze Oleaga abokatua pozik da atzoko saioaren joanarekin. Akusatuen deklarazioetan Urbinan oldartu zena Ertzaintza izan zela agerian gelditu dela uste du. Horrez gain, ertzainen deklarazioetan inolako desordena publikorik egon ez zela ikusten dela ere nabarmendu du.
Ekintza «baketsua»
2009ko urtarrilaren 17an AHTaren aurkako manifestazioaren ostean egindako ekimena «sinbolikoa» eta «baketsua» izan zela diote auzipetuek. Julio Villanueva eta Justo Arriola AHTaren eremuan atxilotu zituzten arren, fiskalak berak aitortu du biek «indarkeriarik gabeko erresistentzia» egin zutela. Ordea, Ertzaintzaren jokabidea salatu dute auzipetu guztiek. Arriolak azaldu du, esaterako, AHTaren eremura igo zela Villanueva jasotzen ari zen «jipoia» geratzeko. «Borra zati bat igaro zen nire ondotik plataformara igotzen ari nintzela».
Manifestazioaren ostean talde bat AHTaren plataformara abiatu zen. Hor sortu zen gatazka. Lanen eremua babesten zuen hesirik ez zegoela gogorarazi dute auzipetuek, ezta ertzainik ere. Lehen manifestariak harri eta lokatzezko AHTaren plataformara heltzean Ertzaintza bertaratu eta oldartu zitzaiela diote.
Lubetara igotzeko ekimenean ez zutela parte hartu jakinarazi diote epaileari Madariagak, Aspuruk eta Lotinak, eta herrirako bidean edota herrian bertan atxilotu zituztela. Aspuruk jakinarazi du lasterbide bat hartzeko ahaleginean galdu zela, eta autoan zihoan emakume bati laguntza eskatu ziola. Ertzaintzak autoa gelditu zuen eta bertan atxilotu zuten.
Madariaga Urbinan atxilotu zuten, baita Lotina ere, azken hori anbulantzian zegoen bitartean. Lotinak azaldu du Urbinarako bidean Ertzaintzak identifikatu zuela, eta ertzain batek ukabilkada eta ostikoa eman zizkiola. «'Gaurkoz libratu zara' esan zidan, baina elkar ikusiko genuela». Ukabilkadek eragindako zauriak sendatzen ari zitzaizkionean atxilotu zutela dio Lotinak.
«Arrazoizko» zantzuak
Manifestariek poliziei harriak bota eta mehatxu egin zietela azaldu du plataforman zeuden ertzainen arduradunak. Bestetik, AHTaren lanetatik ateratzeko eskaerarik ez zuela egin dio. «Bozgorailu bat zen une horretan gutxien behar nuena». Azkenik, plataformara igotzeko manifestarienekimena «ondo antolatuta» zegoela azaldu du.
Anbulantzien eremuan atxiloketak egin zituen ertzainetako batek «arrazoizko zantzuetan» oinarrituta egin zituela jakinarazi dio epaileari. «Arrazoizkoa zena baino lokatz gehiago» eta zauriak izatea zerbaitetan parte hartzearen ondorio zirela argudiatu du. Ordea, ertzain bakar batek ere ez ditu Madariaga, Aspuru eta Lotina delitu izan ziren ekintza zehatz bakar batekin lotu.
Urbinako jazoerengatik epaituak, fiskalaren zigor eskarien zain
Urtebeteko espetxe zigorra hitzartu dute Pablo Remirez auzipetuaren defentsak eta fiskalak, hasierako lau urteen ordezAHTaren kontrako mugimenduko kideen epaiketa hilaren 14an amaituko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu