AHT abiadura handiko trenaren aurka Urbinan (Araba) egindako manifestazioan gertatutako istiluetatik bi urte baino gehiago igaro arren, tren azkarraren aurkarien «kriminalizazioak» bere horretan jarraitzen duela salatu zuen AHT Gelditu! Elkarlanak atzo, Bilbon egindako agerraldian. Izan ere, urriaren 5ean hasiko da Urbinako gertaerengatik auzipetutako sei lagunen aurkako epaiketa, Gasteizen. Eurekiko elkartasuna adierazteko, autoinkulpazio kanpaina bat abiatuko du elkarlanak. Urriaren 1ean, gainera, mobilizazioak egingo dituzte: Urbinatik Gasteizerako martxa bat goizean, eta manifestazio nazionala arratsaldean.
2009ko urtarrilaren 17an izan zen Urbinan manifestazio nazionala. AHTaren protesta hark 3.000 lagun baino gehiago bildu zituen herrigunean, eta ondoren, treneko obretarantz abiatu ziren, «eraikuntza lanen ondorioz herria pairatzen ari zen txikizioa salatzeko», Mila Elorza elkarlaneko kideak gogora ekarri duenez. Hara heldutakoan, eserialdia egin zuten, baina handik gutxira Ertzaintza agertu zen, eta ekintzaileei oldartu zitzaien. «Ertzaintzaren jokabide onartezinaren ondorioz», zortzi lagun atxilotu zituzten, «ehunka» identifikatu eta hainbat zauritu: «Zortzi pertsona erietxera eraman zituzten, eta bat ospitaleratu behar izan zuten».
Urbinakoa ez zen gertakari bakana izan. AHTaren oposizioa kriminalizatzeko saioak indartu egin ziren garai hartan: «Ertzaintzak AHTarekin zerikusia zuen edozein salaketa ekintza terrorismotzat jotzeko agindua zuen». Kasu haietako batzuk Espainiako Auzitegi Nazionalera igorri zituzten, eta ekintzaile batzuk ere epaitu zituzten.
Urbinako manifestaziotik bi urte eta erdi igaro diren arren, kriminalizazioak eta jazarpenak bere horretan segitzen dutela salatu du Elorzak: «Ordain errepresiboa kartzela zigor eskaerak, eskandaluzko isunak eta atxiloketak izan dira eta izaten jarraitzen dute».
Hain justu, bi eta lau urte arteko espetxe zigorra eskatu dute Urbinako gertaerengatik auzipetu dituzten sei lagunentzat. Urriaren 5etik aurrera epaituko dituzte Gasteizko Lurralde Auzitegian, eta aurreko astebururako mobilizazioak iragarri ditu AHT Gelditu! Elkarlanak. Bi helburu izango dituzte: «Batetik, AHTaren aurkako aldarri soziala agertzea, eta, bestetik, epaituriko pertsonei elkartasuna helaraztea».
Hala, urriaren 1ean, oinezko martxa bat egingo dute, Urbinatik Gasteizera, 10:30ean abiatuta. Arratsaldean, berriz, manifestazio nazionala egingo dute Gasteizen bertan, Urbina berreskuratu! AHT gelditu! Epaiketarik ez! lelopean. Bilbo plazatik aterako da, 18:00etan. Urrira bitartean, gainera, «autoinkulpazio kanpaina masiboa» egingo du elkarlanak, auzipetuei babesa adierazteko.
Proiektuak, bertan behera
«Gure delitu bakarra AHTaren egitasmoa zalantzan jartzea izan da», adierazi du Mila Elorzak. Eta denbora arrazoia ematen ari zaiela uste du. Tren azkarra «natura suntsitzen duen egitasmo txikitzailea» dela defendatu dute urteetan, gizarteari «inposatu» zaiola, eta proiektu «xahutzailea» dela. Krisi ekonomikoaren ondorioz bada ere, azken hilabeteetan Europan hainbat AHT zati bertan behera utzi dituzte.
Besteak beste, Ipar Euskal Herrian egin beharreko zundaketa lanak atzeratu egin ditu Frantziako Gobernuak. Espainian, aldiz, Toledo-Cuenca-Albacete linea eten dute bidaiari gutxi zituelako, eta Sevilla-Malaga arteko proiektua ere geldituta dago. «AHTaren oposizioak hasieratik salatu izan duena berretsi dute: eraikuntzaren lobby-en neurrira egindako egitasmoa dela eta bideragarritasunik ez duen proiektu sostengaezina dela», azaldu du Elorzak.
Beraz, «erokeri honi amaiera emateko» eskatu die elkarlanak AHTaren arduradunei. Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroaren adierazpenen harira, AHTa zerga igoeren bidez finantzatzeko bidea ixteko galdegin die Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, «are gehiago arlo sozialean egiten ari diren murrizketak kontuan hartuta.
Urbinakoen epaiketa salatuko dute urriaren 1eko mobilizazioetan
AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, oinezko martxa bat eta manifestazio nazionala egingo dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu