LODITASUNA

«Urdaila txikitzeko ebakuntza ez da estetika arrazoiengatik egin behar, osasun arazoengatik baizik»

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
IRUN
2004ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Junkal Tolosak 30 urte ditu, eta Irunen bizi da. Duela bi urte erabaki zuen urdaila txikitzeko ebakuntza egitea, eta, urtebete zain egon eta gero, iazko maiatzaren 22an egin zioten ebakuntza.

Nolatan hartu zenuen ebakuntza egiteko erabakia?

Nire lehengusina batek aipatu zidan ebakuntza egiteko aukera hori. Berak ospitalean lan egiten du, anestesista da. Hortik aurrera hasi nintzen informazioa bilatzen, han eta hemen galdezka. Haurtzarotik izan dut arazo hau, eta etorkizunari begira jarri nintzen. Beti horrela bizi behar al dut?, galdetzen nion neure buruari. Orain 30 urte ditut, baina 50 edo 60 urterekin osasun arazoak areagotzeko arriskua nuela-eta, orain zela garaia erabaki nuen.

Ebakuntza egin aurretik, hala ere, makina bat tratamendu eta dieta egingo zenituen argaltzeko.

Nire bizitza osoa endrokino artean eman dut. Dieta ugari egin ditut. Neure kabuz ere, astakeria galantak egin ditut: komunikabideetan-eta pilula berriak iragartzen zituztenean, errezetarik gabe hartzen nituen. Jateari ere askotan utzi diot. Hori dena ez da egin behar, baina desesperatuta zabiltzanean, denetarik egiteko gai zara. Dietan zaudenean kiloak kentzen dituzu, baina gero berriro hartzen dituzu eta gurpil zoro batean sartzen zara. Ez zara behar beste argaltzen, eta egin duzun ahaleginaren emaitzak ez badituzu ikusten, nazkatu egiten zara, eta guztia pikutara bidaltzen duzu.

Ebakuntza, prozesu baten amaiera al da?

Ebakuntza loditasunaren azken tratamendua da. Eta horrela ikusi behar da. Ez da inola ere miraritzat hartu behar! Gainera, prozesuan edo tratamenduetan zuk %80 jarri behar duzu. Ebakuntza tratamendu berri bat da, eta berria den aldetik jarri behar dira esperantzak. Eta ez bestela! Kontuan izan behar da, gainera, ez dela estetikarengatik egiten. Jende askok esan izan dit liposukzio baten antzekoa dela, baina ez da horrela. Zure osasunarengatik egiten duzu, ez beste ezerengatik. Azkenaldi honetan atera diren albisteengatik konturatu da jendea zer-nolako ebakuntza den.

Ebakuntza egitea erabakitzen duzunetik eta ebakuntza egin bitarte zer egin behar da?

Lehendabizi, endokrinoak txosten bat egin behar du, eta bertan ebakuntza beharrezkoa dela ziurtatu behar du. Endokrinoak badaki bizitza osoan loditasuna sendatzeko zer egin duzun, zer dieta egin dituzun, zer tratamendu jarraitu duzun eta abar. Horrek guztiak ondoriorik ez badu izan, ebakuntza azken tratamendutzat hartuko du. Ondoren, psikiatrak ere bere iritzia azaldu behar du. Hainbat saio egin behar dituzu harekin. Ebakuntzak dituen arrisku guztiak azaltzen dizkizu, zer ondorio izan ditzakeen eta abar. Solasaldi batzuk egin ostean, ebakuntza egiteko prest ote zauden aztertzen du. Handik zirujauarengana joaten zara, eta hark proba fisiko guztiak egiten dizkizu.

Zenbat denbora egon zinen kirofanoan?

Kirofonoan hiru ordu pasatxo egin nituen, operazioa zaila eta korapilatsua baita. Ospitalean zortzi egun pasatu nituen.

Zer egin zizuten?

Teknika edo ebakuntza mota asko daude. Niri urdaileko bypassa egin zidaten. Urdaila txikitu egiten dizute: urdailak 1.500 zentimetro kubikoko edukiera du, eta 15 zentimetro kubikokoa uzten dizute, hau da, ehun bider txikiagoa uzten dizute urdaila. Grapatu egiten dizute eta heste mehearekin lotu.

Eta operatu ondoren, zer egin behar da?

Lehen hilabetean ezin duzu ezer jan, bakarrik likidoak edan ditzakezu: salda, zukua eta esnea. Oso inportantea da hori ondo egitea; tarte horretan, adibidez, urdaiazpiko puska bat jaten baduzu, izugarrizko hondamena egin dezakezu. Urdaila berriro hezten hasi behar duzu. Bigarren hilabetetik aurrera, pureak eta abar hasten zara jaten. Nik, bederatzi hilabateren ondoren ere, arazo asko ditut edozer jateko. Urdailak ez dit edozer gauza onartzen, eta oso kontuz aritu behar dut. Adibidez, haragia jatea asko kostatzen zait. Botaka ere banabil. Bitaminak ere egunero hartu behar ditut. Lehen errebisioa operatu eta hilabete eta erdira izan nuen zirujauarekin. Ondoren, hiru hilabetetik behin.

Ebakuntza egin eta berehala galdu al zenuen pisua?

Bai, segituan galdu nituen kiloak. Nik, ospitalean pasatu nituen zortzi egunetan zazpi kilo galdu nituen. Baina beste batzuek ez dute kilorik galtzen. Izan ere, ospitalean alimentazio parenterala ematen dizute eta horrek kaloria asko ditu. Ospitaletik atera eta gero, baina, erraz galtzen dira.

Zertan aldatu da zure bizitza?

Arlo askotan. Fisikoki, esaterako, izugarri aldatu naiz. Nik neure burua ere ez dut ezagutzen! Jateko ohiturak ere aldatu ditut. Orain egunean bost edo zazpi alditan jan behar dut zerbait, ezin ditut hiru otordu egin. Aldi bakoitzean gutxi jan behar duzu, baina, esan bezala, maizago. Ez da goserik pasatzen. Harremanetan ere aldaketak izan dira. Euskaldunok beti zerbait ospatu behar dugunean, mahai baten bueltan ospatzen dugu! Kuadrilan edo lagunartean nork ez ditu bazkariak edo afariak? Nire kasuan, urdailak edozein gauza onartzen ez didanez, askotan ezin dut hitzordu horietara joan eta horrek zure harremanak murrizten ditu.

Askoz hobeto al zaude orain?

Beno, hobeto esango nuke. Prozesua oso mantsoa da, bizitza osoko prozesua da eta guztia oso poliki doa. Hau ez da operatu, bi hilabeteko atsedenaldia hartu eta kito. Orain, dena desberdina da. Gainera, orain denak dira hitz ederrak! Ondo sentitzen zara neurri batean, baina bestalde izorratu ere egiten zaitu: orain bai eta lehen ez? Halaber, izugarri amorrarazten nau jendeak galdetzeak: «Zenbat argaldu zara?». Kontua zer da, bada, zenbat argaldu naizen edo ondo al nagoen? Jendea ez da konturatzen zer-nolako arriskuak dituen ebakuntza horrek.

Ebakuntza egin zenuenetik bederatzi hilabete igaro dira. Arazoak izan al dituzu?

Urdailean etena dut, eta berriro operatu behar naute. Halako operazioetan maiz gerta daiteke herniaren bat. Eta niri hori tokatu zait! Anemia ere izan nuen operatu eta berehala. Ospitalean izan nintzenean, odol asko galdu nuen. Libratzerakoan odola galtzen nuen, eta horrek izugarrizko anemia eragin zidan. Anaia duela hiru aste operatu zuten, eta ez zaio halakorik gertatu. Infekzioa ere gerta daiteke, niri behintzat ez zait halakorik gertatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.