Bi urteko itxaronaldiaren ostean, 2015eko martxoaren 19an ekingo dio Korrika-k Euskal Herria zeharkatzeari. 2.000 kilometro baino gehiago egingo ditu, Urepelen (Nafarroa Beherea) hasi eta Bilbon (Bizkaia) bukatu, martxoaren 29an. Tartean, 11 egun egingo ditu gelditu gabe, helmugan irakurriko den mezua daraman lekukoa eskutik eskura pasaz.
Bilbon aurkeztu du AEK-k euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren hemeretzigarren edizioa, hastapenetako lehen Korrika hartatik 34 urtera. Oraingoan, euskararen aldeko “ahalduntzean” jarri nahi dute indarra, eta alde horretatik sortu dute leloa —Euskahaldun—, norbere aukeren jabe egin dadin: “Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta erabil dezagun ahalmen hori”. Asier Amondo Korrika-ko koordinatzaile berriak, hain zuzen ere, “euskararen eta euskalgintzaren egoeraz” ahalduntzera deitu du, “ahalegin pertsonalak batu” eta “auzolanean ahalmena areago” dadin. Bide beretik, “ahalmen metaketak” Euskal Herrian duen ibilbidea ekarri dute antolatzaileek gogora, eta Korrika-ren beraren antolaketa jarri dute “auzolanean eta elkarlanean” egindako ekinbideen adibidetzat.
AEK-k antolatu du, aurreko guztietan bezala, Korrika 19. Helduen euskalduntze alfabetatzerako erakundeak gogorarazi du gaur egun “Euskal Herri osoan lan egiten duen” elkarte bakarra dela, ehun euskaltegi eta gau eskolatan jardunez. AEK-ko arduradunek, ordea, salatu dute Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako euskaltegiek ez dituztela jasotzen “behar dituzten” diru laguntzak, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere “krisialdi ekonomikoaren aitzakian diru-laguntza politika erabat okertu” dela nabarmendu dute. Horregatik, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak esan du Korrika-ren helburuetako bat "finantzaketa publikoaren gabeziak diru baliabidez xamurtzea" dela. Alde horretatik, Korrika 19k jasotako dirua “Euskal Herri osoko gau eskola eta euskaltegiak laguntzeko erabiliko” du AEK-k.
Aurrekoetan bezala, datorren urteko Korrika-ren harira ere “ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar” antolatuko ditu AEK-k. Gainera, Durangoko Azoka omenduko du Korrika-k, “euskal kultur eragileen topagune” eta auzolanean lortutako “lorpen handien” adibidea delako. Hurrengo urtean, gainera, 50 urte beteko ditu azokak, eta urteurrena baliatu nahi izan dute Korrika-ko arduradunek omenaldia egiteko.