Uretako arriskuaren neurgailuak

Sorosleek arriskuaz ohartarazten diete igerilariei, baina maiz behar adina jaramon ez zaiela egiten diote

ENEKO BIDEGAIN - XAN OTAMENDI
BAIONA-DONOSTIA
2008ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Itsasoa lasai dago Angelun (Lapurdi,) Madrague hondartzan. Olatu txiki batzuk badira, baina ez dute orro handirik. Zeru urdina, eguzki epela eta itsasoaren soinu eztia, egun gozoa pasatzeko aproposak dira. Ez da beti hala izaten. Horretaz zerbait badaki Fabien Mendiburu sorosleak. Egun batzuk lehenago, bandera gorria ezarria zuten, itsasoa bortitzegi zelako, eta euriarengatik kutsatua zelako. Kutsadura kasuetan, Herriko Etxeak agintzen die bainatzea debekatzeko. Beste kasuetan, sorosleen esku da. «10:00etan etortzen gara. Itsasoari begiratzen diogu, olatuak nolakoak diren, hondarra nolakoa den, zuloak badiren eta non diren...».

Itsas gora da. Baina Mendiburuk berehala ikusi du non dagoen zuloa, bandera horia ezartzen ari den bitartean. «Begira, zati horretan guztian urak lerro zuzen bat markatzen du, hor urrun joan zaitezke oinez, lurra luzaz hunkiko duzu. Baina justu urrunxeago ikusten duzu ura hondartzan barnago sartzen dela eta azaleko ura nahasia dela. Hortxe dago zuloa, gaur». Zuloak tokiz aldatzen dira, itsas korronteen arabera. Badaki, beraz, bandera urdinak non ezarriko dituen. Lapurdiko hondartzetan, bi bandera urdinen artean baizik ezin da bainatu. Zuloa dagoen tokia bandera urdinen eremutik kanpo utziko dute sorosleek. Beste bandera, beste zulo baten eskuinaldean ezarriko dute.

Zuloak arriskutsuak dira. «Arriskutsua da justu zati horretan bainatzea, eta jendea hara joaten da». Kexu da Mendiburu zenbait igerilariren portaerarekin. «Bandera gorria bada ere, bainatzen dira. Erraten diegu ezetz, ez dutela bainatu behar. Baina erantzuten digute 1.000 kilometro egin dituztela eta bainatu nahi dutela». Udatiarrekin arazo gehiago dutela uste du. «Lekuko jendeak itsasoa ongi ezagutzen du, eta arauak ere bai».

Araua ezagutzen ez dutenek arauak «aise onartzen» dituztela uste du, aldiz, Louis Almeida Bidarteko (Lapurdi) sorosle taldeko buruak. «Anitzek ez dituzte arauak ezagutzen, eta gu esplikatzera joaten gatzaizkie. Ezagutzen ez dituztenek onartzen dituzte; beste batzuek ezagutzen dituzte, baina ez dituzte errespetatu nahi. Horiekin, pedagogia lana egin behar da, gazte anitz erakartzen dituztelako».

Sorosleak joaten dira uretatik ezin atera ari direnen laguntzera. «Gehienetan haurrak izaten dira lagundu beharrekoak, gurasoek bakarrik uzten baitituzte uretara joaten; badakite gero hor garela». Ez dute bakarrik bandera urdinen arteko eremua zaintzen. Bandera urdinetik kanpo bainatzen ari direnak ere zaintzen dituzte. Badakite eremu hura dela arriskutsuena.

Arriskurik ikusi ez

Lan zailena ez da itsasoa oso arriskutsua denean izaten. «Jendeak ikusten du arrisku handia dagoela, eta beraz ez dira gehiegi ausartzen», dio Louis Almeidak. Bien arteko egoera denean, jende asko dagoenean, eremu aski zabala zaindu behar denean, orduan dago arrisku eta lan handiena. Baina arrisku handiena sorosleak joan ondoan izaten da. 19:00etan bukatzen dute lana sorosleek Lapurdiko hondartzetan. Orduan uretan sartzen denak salbatua ez izateko arrisku handiagoa du. Funtsean, aurten ito direnak edo zainduak ez ziren hondartzetan ito dira edo zainduak ez ziren tenoreetan.

Andoni Saratxo, Gurutze Gorriko Komunikazio zuzendaria da Gipuzkoan, eta gertutik jarraitu ditu azken hilabetean Gurutze Gorriak artatu behar izan dituen pertsonen kasuak. Kritikoa da bera ere zenbait igerilariren portaerarekin. «Arazo nagusia, jendeak bere buruarekin duen gehiegizko konfiantza da», dio. «Bandera gorriak bainatzerik ez dagoela esan nahi du, baina jende askok ez du kasurik egiten».

Saratxoren arabera, arreta apartekoa jartzen dute haur eta gaztetxoak zaintzen. «Umeek lan dezente ematen dute, hiru lau urte bitartekoek gehienbat». Zaharrenekin ere lana izaten dute. «Adineko jende asko artatu beharra ere izaten da. Ez dira behar bezala hidratatzen eta askotan, uretara kolpetik sartzen dira, pixkanaka sartu beharrean». Eta nerabeak buruhauste iturri handia izaten dira hondartzetan diharduten sorosleentzat ere. «Lanik handiena, hamabi eta hamasei urte bitarteko nerabeek ematen dute. Ez dute beldurrik eta askotan, altuera handietatik salto egiten ibiltzen dira».

Gehienetan haurrak izaten dira lagundu beharrekoak; gurasoek bakarrik uzten dituzte»

Louis Almeida
Bidarteko sorosle taldeko burua

Uretako larrialdiak



Itsasoan sorosleen beharra dutenen larrialdiek lau fase izaten dituzte;

Akidura. Uretan dagoena ezin izaten da lehorrera itzuli; indarra eginez akitzen da eta estresatzen. Sorosleak laguntzera joaten diren kasu gehienak hein horretan. Ez dira ospitalera eraman behar izaten.

Ura irentsi. Akidura fasea gero eta handiagoa delarik, ura irensteko arrisku handiagoa dute. Ur pixka bat edatean, fase arriskutsuago batean izaten dira.

Ura biriketan. Hein batetik goiti, ur anitz edana izaten du larrialdian dagoenak, eta ura biriketan sartzen da. Fase hori arras kritikoa bihurtzen da. Salbatu ondoan, ospitalera eramaten behar izaten dituzte pertsona horiek sorosleek.

Aldi txartzeak. Uretan dagoena aldi txartzen da, laugarren fasean. Hein hori biziki arriskutsua izaten da, baina gutxitan gertatzen da hein horretara heltzea.

Datua

3



Uda honetan itota hilak. Orain arte bildutako datuen arabera, uda honetan hiru lagun hil dira itota Euskal Herriko hondartza eta urtegietan; Lapurdin zendu ziren bi pertsona Bidarte eta Angeluko hondartzetan abuztuaren 11n, eta Allotzeko (Nafarroa) urtegian uztailaren 20an hirugarrena. Beste hiru lagun ere hil dira Bizkai eta Gipuzkoako hondartzetan, baina ez itota, bestelako ondoezek jota baizik. Gurutze Gorriak, orotara, 10.677artatze egin ditu hondartzetan. Lapurdiko artatzeen daturik ez dute eman oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.