Urgell: «Harro aurkezteko moduko prozesua da euskararena»

Blanca Urgell eta Lurdes Auzmendi Kolonbian dira, Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren lorpenen berri ematen

Lurdes Auzmendi eta Blanca Urgell, atzo, Bogotan, Universidad Centralen egoitzaren atarian. ARANTXA IRAOLA.
arantxa iraola
Bogota
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Oraindik lan handia dago egiteko, baina, hein batean, Euskadin lortu dugu», adierazi du Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Bogotan, Kolonbian, egunotan hizkuntza indigenei buruz egiten ari diren mintegi batean: «Euskara guztiona da». Bidean «ezarpenaren» hautua alboratu dutela dio. Gustura dago fruituarekin: «Harro aurkezteko modukoprozesua da».

«Iritsi garen tokira nola iritsi garen». Horixe azaldu nahi izan du Urgellek. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendirekin batera egin du bidaia. Jaurlaritzak gauzatutako hizkuntza politiken berri emateko gonbidatu dituzte. Topaketan elkartutako ordezkari indigenen eta adituen aurrean baikor aurkeztu dute euskararen eboluzioa.

Urteak daramatza Jaurlaritzak Kolonbiako Gobernuari hizkuntzaren alorreko gaietan laguntza ematen, aurreko legealditik. Aurki beste protokolo bat izenpetu asmo dute bi aldeek. Hori izan da bi politikariek mintegian izan duten partaidetzaren zio nagusia. Kolonbiako errealitate linguistikoak, nolanahi ere, antzekotasun urria du Euskal Herrikoarekin: komunitate indigenek —populazioaren %3 baino ez dira— 68 hizkuntza dituzte. Batzuk galzorian daude, eta asko idatzi ere ez dira egiten oraindik. Nolanahi ere, hizkuntza horiek babesteko borondatea nabaria da komunitate askotan.

Jaurlaritzaren esperientziari erreparatuta, hizkuntzen normalizazioan aurrera egiteko gakoa «hiztunen borondatea» dela nabarmendu du Urgellek, eta zorrotz ohartarazi du hizkuntzarekin lotutako auzietan irizpide «politikoak» erabiltzeak duen arriskuaz: «Hizkuntza bati jazo dakiokeen okerrena manipulatzea da; ideologia bat edo bestea dutenek beren alde edo kontra erabiltzea». Adostasuna sustatu behar dela dio, eta Euskal Herriko zati batean arrakastazari direla: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Nafarroan akordio politikorik ez dago, eta herritarrak oso banatuta daude gai horretan». Ipar Euskal Herrian, halaber, euskararen egoera larria dela esan die Kolonbiako entzuleei: «Zenbaitzuek hiltzen ari dela diote».

Euskarari buruzko ezaugarrien berri eman dute mintegian Urgellek eta Auzmendik. Hizkuntzaren jatorri lausoa eta hainbat eragozpeni aurre eginez erdietsitako iraupena izan dituzte hizpide. Euskararentzat, jantzi berriak janzteko, inguruko hizkuntzen iturrietatik edatea giltzarri izan dela gogora ekarri du Urgellek. Kolonbian ere, aro eta premia berrietara egokitzeko atakan dauden hizkuntzak gogoan hartuta, horren garrantziaz abisu eman du. «Hizkuntza batek, irauteko, batez ere hizkuntza gutxitua bada, inguruko hizkuntzen eragina onartu behar du».

Euskarari ate berriak irekitzeko urrats garrantzitsuak, beste hainbat hizkuntzaren kasuan bezala, Erromantizismoan egin zirela gogorarazi du. Garai hartako euskaltzaleen espiritua egun Kolonbian hizkuntza indigenen alde dihardutenen antzekoa zela iruditzen zaio. Euskararen kasuan Francoren diktadurapeko urteak hizkuntzarentzat aski gogorrak izan zirela aitortu du, baina errepresio latzak hizkuntzarekiko atxikimendua hedatzea ekarri zuela uste du, eta eremu erdaldun eta ez abertzaleetara ere heltzea. «Frankismorik gabe, korrontepolitikoen arteko adostasun hori zailagoa litzateke».

Euskara egun orotariko hizkuntza dela esplikatu du; gai jasoetan erabili ohi dena, eta familia eta lagunarteko giroan ere bai. Horretan euskara batua sustatzea erabakigarria izan zela dio.

Halaber, erdaldun elebakarren partaidetza ere goratu du. «Gure xedea ez da izan gaztelania ordezkatzea». Eta harro eman du Espainiako hizkuntzak euskal gizartean duen garrantziaren berri. «Gaztelaniak osasun ona du».

«Burua hotz»

Auzmendik hezkuntzan egindako lanaren berri eman du. «Gure herrian, familiako transmisioa baino gehiago, eskola transmisioa eman da». Hezkuntzaz gain, nolanahi ere, hizkuntzarentzat espazio gehiago ireki behar direla esan du, bereziki erabileran. Hizkuntza politika orotan «burua hotz» mantendu behar dela azaldu du, eta zenbaitetan atzera egiten ere jakin behar dela: «Gero indartsuago ekiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.