ahal dugu-eh bildu

Uriartek Arraizekin eztabaidatu nahi du

EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak eta EH Bilduko legebiltzarkideak, normalizazio politikoaz gain, herritarren "arazorik premiazkoenak" izango lituzkete hizpide: etxebizitza, enplegua, demografia, pentsioak... 

EH Bilduko eta EAEko Ahal Dugu-ko kideak, ekainean, Bilbon egindako bileran. Argazkian ageri dira, besteak beste, Hasier Arraiz eta Roberto Uriarte. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
2015eko urriaren 14a
15:27
Entzun

Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak herritarren "arazo guztiez" eztabaidatzeko proposamena egin dio Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideari. ETB2ko Sin ir más lejos programan egin dio gonbitea, hain zuzen.

Besteak beste, "Euskal Herriko normalizazio politikoaren prozesuaz" hitz egingo lukete, Ahal Dugu-k ohar batean esan duenez. "Prozesu haren protagonismoa euskal hiritarrei dagokie". Herritarren "arazorik premiazkoenak" ere izango lituzkete hizpide: etxebizitza, enplegua, demografia, pentsioak...

Uriartek udan esan du ez duela ikusten EH Bildurekin lankidetzan aritzeko aukerarik. "EH Bilduk, eta bereziki Sortuk, alde batera utzi behar dituzte jarrera antidemokratikoak eta beste aukera politikoen mespretxuak, identitateari baino gehiago pluraltasunari eta integrazioari egin beharko liekete lekua, eta ETAk eragindako kalteak aitortzeko bidean lan handia dute egiteko", zioen ekainean kazeta honetan. Joan den astelehenean, berriz, adierazi zuen bere alderdiak ez duela larunbatean Arnaldo Otegiren-eta aldeko Donostiako manifestazioan parte hartuko (Bulebarra, 17:30), antolatzaileek deialdia ez dutelako partekatu eta Bateragune auziko kideak ez direlako "bakearen heroiak".

EAEko Ahal Dugu-ren barruan Uriarteren lan egiteko moduez kexak agertu dira. "Astelehenekoa ere Uriarteren iritzi pertsonal bat baizik ez da, baina alderdiarena balitz bezala azaldu du", esan zion atzo Koldo Martin Arabako Batzar Nagusietako Ahal Dugu-ko eledunak BERRIAri. "Berriro ni atera naiz kexu eginez, baina badakit jende asko ez datorrela bat Uriarteren moduekin, eta ez Araban bakarrik. Jende asko etortzen zait babesa ematera".

Ahal Dugu-k 148.000 boto lortu zituen maiatzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeetan. Hirugarren indarra izan zen, EAJren eta EH Bilduren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.