Uribe Kostako 11 gazte auzipetu ditu Garzonek

2007ko urrian atxilotu zituzten 11 gazte horietako gehienak, kale erasoetan parte hartzea egotzita

Oihana Elduaien Uranga.
2009ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Aner Mimenza, Lander Labajo, Mikel de Gregorio, Txomin Gizuriaga, Joseba Elorriaga, Josu Rodrigez, Jon Rosales, Mikel Rekarte, Zigor Goikoetxea, Jon Bautista eta Gorka Oribe auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak. Atzo kaleratutako autoan jakinarazi duenez, deklarazioa hartuko die guztiei hilaren 14an eta 15ean. Preso daudenei hartuko die hilaren 14ean: Elorriagari, Mimenzari eta Labajori. Eta gainerakoei hurrengo egunerako jarri die ordua, 10:00etan. Besteak beste, «erakunde armatuko kide» izatea leporatu die, eta baita hainbat kale eraso jakinetan parte hartzea ere.

Hori egozteko argudio gisa, telefono entzuketak, «inteligentziaren» txostenak, haien etxeetan atzemandako materiala eta polizia etxeetako deklarazioak jarri ditu Garzonek. Inkomunikazio aldian presioak, mehatxuak eta kolpeak jasan zituztela salatu zuten gazteek.

Gazte mugimenduan aritzen direla erakusten duen materiala da auzipetuen etxeetan atzemandako material gehiena. Esate baterako, bono laguntzak, itsastekoak, fantzineak, gazte mugimenduko aldizkariak, gaztetxearen batzarretako aktak, Segiren txostenak, manifestazioetarako deialdiak, Eguzki plataformaren idatziak, Ikasle Abertzaleen agiriak eta Batasunaren txostenak daude. Euskal presoengandik jasotako eskutitzak ere zerrendan jarri ditu epaileak, eta baita ezker abertzaleari buruzko liburuak eta egunkarietako urtekariak ere. Autoan froga moduan jasotzeko modukoa iruditzen zaio Garzon epaileari haietako batek zapi palestinarra etxean edukitzea eta beste batek elektronikako ikasgaiko apunteak edukitzea ere.

Atxilotuen etxeetan aurkitutakoaren zenbaketaren ostean dio ikerketa horretan bi zulo topatu zituztela. Haietan azido sulfurikoa eta molotov koktelak topatu zituzten, besteak beste. Hango material batzuetan auzipetu baten hatz markak topatu zituztela gaineratu du epaileak, eta, baten marken bitartez, guztiak lotu ditu zulo haiekin.

Auzipetuen artean hamar kale eraso egin zituztela ere esan du Garzonek autoan, eta zehaztu egin du nork zein ekintza egin zituen. Nolanahi ere, hori argudiatzeko ez du inolako frogarik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.