Josu Uribetxebarria gaixotasun larria duen euskal presoa berriz espetxeratzeko eskaera atzera bota du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak, Efe berri agentziaren arabera. AVT elkarteak egin du eskaera, epailek horrek berak aurretik Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna mugatu eta espetxealdia etxean betetzera behartu ondoren.
Epaileak uste du bateragarriak direla gaixotasun larria izateagatik Uribetxebarriak eskuratutako baldintzapeko askatasuna eta epaileak apirilean ezarri dion baldintzapeko espetxeratzea. Morenok dio bere erabakiak betetzen dituela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eskatzen dituen baldintzak; ponderatu egin dituela “jokoan dauden interesak”.
Efe berri agentziak jakinarazi duenez, AVTk helegitea jarriko du epailearen erabakiaren aurka, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salaren Osoko Bilkuraren aurrean. Elkartearentzat “ez da nahikoa” Uribetxebarria etxean preso egotea; “pribilegio” bat dela uste du, “gaixotasunean okerrera egin ez duelako”.