Uribetxebarria luze gabe hiltzeko arriskua nabarmena dela diote epaileek

Baldintzapean aske egotea zigorra betetzeko beste modu bat dela arrazoitu du Auzitegi Nazionalak

Erredakzioa
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko aurreneko zigor salak baldintzapeko askatzea berretsi zion Josu Uribetxebarria euskal presoari, hura luze gabe hiltzeko arriskua nabarmena delako. Hala dio atzo argitara atera zen autoak. Fiskaltzaren helegitea atzera botatzeko arrazoietan, zigor salak dio «nabarmena» dela Uribetxebarriak gaixotasun larria eta sendaezina duela eta, legedia betez, baldintzapean askatzea onartu ziotela, «arrazoi humanitarioengatik eta pertsonen duintasunerako eskubideagatik».

Autoan azpimarratu dute baldintzapean askatzea kartzela zigorra beste modu batera betearaztea dela. Izan ere, Uribetxebarriak hainbat baldintza bete beharko ditu: Jose Luis Castro epaileak ezarri zizkion neurri zorrotzak.

Fiskaltzak zioen preso arrasatearra ez dagoela hilzorian, baina Auzitegi Nazionaleko epaileek autoan diote «luze gabe hiltzeko arriskua nabarmena» duela, medikuen txostenek azaldu bezala. Uribetxebarriak minbizia du giltzurrunean, eta metastasiak buruan. Gaixotasunak ez du atzera bueltarik.

Abuztuaren 30ean, Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok baldintzapean askatzea onartu zion euskal presoari, baina epaia irmoa izan arte ez betetzea erabaki zuen. Fiskaltzak libre uztearen kontra egin zuen, helegitea sartuta.

Auzitegi Nazionaleko aurreneko zigor salaren arabera, Castrok prozedura aldetik ondo jokatu zuen, Uribetxebarriaren osasuna nolakoa den ikusita gaiak «premia» zuelako. Epaileek autoan diote fiskalari ez zaiola «inolako informaziorik ukatu» eta, Castrok egin bezala, presoa bisitatzeko aukera zuela edo medikuen informazio osagarria eska zezakeela, baina ez zuela halakorik egin.

Fernando Grande-Marlaskak, Javier Martinez Lazarok, Ramon Saez Valcarcelek, Alfonso Guevarak eta Nicolas Povedak osatu dute epaimahaia. Povedak ez beste denek egin zuten baldintzapean aske uztearen alde —boto partikularra eman zuen hark—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.