«Uribetxebarriaren egoera eta preso egotea bateraezina da»

Jaiki Hadik dio auzitegi medikuak osasun azterketen ondorioak «manipulatu» dituela presoa oso larri dagoela onartu duen arrenGaixo dauden presoen askatasuna exijitu dute herri ugaritan eginiko mobilizazioetan

Jaiki Hadi euskal presoen prebentzio eta laguntzarako elkarteak atzo Bilbon eginiko agerraldia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Josu Uribetxebarria euskal presoaren gaixotasuna espetxean artatzeko ezintasuna nabarmendudute Jaiki Hadi elkarteko kideek Bilbon egindako prentsaurreko batean. Euskal presoei laguntza eskaintzen dien osasun alorreko taldeko medikuen arabera, «bateraezinak» dira Uribetxebarriaren gaixotasunaren bilakaerari kasu egitea eta hura espetxean egotea «bateraezina» da. Horretarako,hainbat arrazoi aipatu dituzte. Uribetxebarriak duen gaixotasunak «espetxeak eskaini ezin duen tratamendu berezia» behar duela azaldu dute, eta gaixotasunak arreta «zorrotza» behar duela. Halaber, nabarmendu dute Uribetxebarriaren bilakaeraz arduratzen den Zaballako espetxearen irizpideek bat egiten dutela Jaiki Hadiko medikuen iritziarekin.

Jaiki Hadiko kideen arabera, Uribetxebarriaren kasuak «sobera» gainditzen ditu Espetxe Zuzendaritzak gaixorik dauden presoak libre uzteko ezartzen dituen irizpideak. Horien arabera, urtebetean hiltzeko arriskua %10etatik gorakoa izanik, presoek baldintzapean aske izan behar dute. Esti Gorostiagak eta Iñaki Uruburuk azaldu bezala, Donostiako Ospitalearen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuaren zein Jaiki Hadiko kideen kalkuluek askatasunerako baldintzak betetzen dituela baieztatu dute —Donostiako Ospitalearen ustez, urtebetean hiltzeko probabilitatea %90ekoa da, eta auzitegi medikuaren arabera, %50ekoa—.

Hori hala, Josu Uribetxebarria preso edukiko balute, erabakia «politikoa» litzatekeela salatu dute Jaiki Hadiko kideek. Horren harira, gogor kritikatu dute Carmen Baena Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuak herenegun kaleratutako txostena. Salatu dute txosten horretan jasotzen diren datu objektiboek Donostiako Ospitaleko medikuek egindakoarekin bat egiten duten arren auzitegi medikuak balorazio subjektibo batzuk gaineratu dituela txostenera, hori egitea hari ez dagokion arren. Hala izanik, Jaiki Hadiko medikuen ustez, txosten hori «guztiz partziala da, objektibotasunik gabekoa da eta oztopatzeko asmoa besterik ez du, kontuan hartzen ez dituelako Josuk baldintzapean aske geratzeko betetzen dituen baldintzak».

Auzitegi medikuak euskal presoa oso larri dagoela berretsi du, baina uste du Zaballako espetxean artatu dezaketela. Eta urtebetean hiltzeko arriskua %50ekoa dela esan du, baina dio presoa ez dagoela «fase terminalean».

Hori ikusirik, Jaiki Hadik adierazi du «baldintzapean aske» eta «terminal» kontzeptuen interpretazio «manipulatua» egin duela auzitegi medikuak. «Josuren kasuan iritzi politiko eta mediatikoek baldintzatu dute dena, osasun eskubidearen eta funtsezko giza eskubideen gainetik», azaldu du Gorostiagak. «Presoen kolektibo jakin baten funtsezko eskubideak urratzen ari dira», salatu du.

Eskubideak hartaraino urratu direla ikusirik, «betebehar etiko eta profesionalak» instantzia guztietara jotzera behartzen dituela adierazi dute elkarteko kideek. Hala, Madrilgo Mediku Elkargoaren Batzorde Deontologikora eta beste zenbait instantzietara joko dutela jakinarazi dute.

Baraualdi eta mobilizazioak

Uribetxebarriaren kasua salatzeko eta libre uzteko eskatzeko, elkarretaratze, ekitaldi eta baraualdi ugari izan dira azken asteburu honetan Euskal Herri osoan, eta presoa libre utzi artegisa horretako ekimenek aurrera jarraituko dutela adierazi dute Herrira mugimenduko kideek. Donostiako Ospitalearen aurrean gose greban jarraitzen dute dozenaka lagunek; Bilbon ere baraualdia egiten ari dira 18 lagunek; Iruñean, 24 orduko mobilizazio iraunkorra egin dute, eta, Barakaldon, 24 orduko baraualdia egin dute Gurutzetako Ospitalean.

Halaber, atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuenez, Aldundiko bi diputatuk baraualdiari ekin diote. Hain zuzen ere, baraualdian dira Garbiñe Errekondo Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatua eta Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Josu Uribetxebarria lehenbailehen askatzea galdatzeko. Halaber, Aldundiak prentsa oharrez jakinarazi duenez, Martin Garitano diputatu nagusiak Donostiako Ospitaleko elkarretaratzean parte hartuko du gaur. Espainiako Kongresuko diputatu Xabier Mikel Errekondo, berriz, Usurbilen egiten ari diren baraualdian ari da parte hartzen.

Espetxeetan ere hainbat ekimen egiten ari dira egunotan. Espetxe batzuetan, gose grebak utzi eta bestelako ekimenak egiten ari dira, eta, beste batzuetan, gose greba mugagabearekin jarraitzen dute.

Tentsioa, Iruñean

Iruñean, baraualdia tentsioarekin hasi zen atzo. Udaletxe plazan 11:00etatik aurrera egitekoa zen elkarretaratzea debekatu zuen Espainiako Gobernu Ordezkaritzak, eta Espainiako Poliziak galarazi egin zuen plazan sartzea. Dena den, debekuen gainetik, gehienez hogeinakako taldetan alde zaharrean sakabanatu eta Uribetxabarriaren askatasuna aldarrikatu zuten. Plazatik gertu, polizia batek «terrorismoaren apologia»zela esan eta «presoaren eskubideen alde» ari zirela erantzun zioten herritarrek. Eguerdian, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzan elkarretaratu ziren, eta baimendua izan arren, polizia presentzia handia izan zen.

Bestalde, Martin Etxegarai preso askatu zuten atzo, bederatzi urte kartzelan egon ondoren. Almeriako espetxean (Espainia) zuten 2010etik, Puerto IItik hara eraman zutenetik. Atzo iluntzean ziren Etxagarairi harrera egitekoak Berangon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.