Herrira mugimenduak manifestazioa antolatu du datorren larunbaterako, Arrasaten (Gipuzkoa), Josu Uribetxeberria eta gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru euskal preso politikoak aska ditzatela eskatzeko. Herrira-k agerraldia egin du bart, Donostian, eta preso gaixoak askatzea galdegin dio Espainiako Gobernuari.
15:30ean abiatuko da mobilizazioa, Arrasateko plazatik. Egungo espetxe politika bertan behera uzteko exijitu die Herrira-k arduradun politikoei; "minutuek aurrera egin ahala presoen osasunak okerrera egiten du kartzelan dauden bitartean", azaldu dute ordezkariek.
Uribetxeberria presoari 2005ean izandako minbizia berpiztu egin zaio, eta metastasia du. Bi nodulu topatu dizkiote, biriketan bat eta buruan bestea.