Josu Uribetxeberriaren abokatu Ainhoa Bagliettok presoa aske uzteko eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bi bidetatik egin du eskaera: batetik, Espetxe Zuzendaritzari eskatu dio presoa baldintzapean aske uzteko, gaixotasun larri eta sendaezina duela argudiatuta. Bestetik, zigorra berehala eteteko ere eskatu du abokatuak. Eskaeraren ondorioz, Jose Luis Castro espetxe zaintzako epaileak presoaren egoeraren inguruko txostena eskatu die Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuei. Ondoren, epaileak fiskalari pasako dio txostena, azter dezanUribetxeberria aske uzteko eskaera egokia ote den.
Donostia ospitalean dago Uribetxeberria asteazkenetik, Espainiako Barne ministerioak presoa hurbiltzea erabaki ondoren. Metastasia du, eta Herrira-k oroitarazi du presoaren egoera «atzera bueltarik gabekoa» dela. Horregatik, Uribetxeberriak aske eta etxean egon behar duela aldarrikatu du beste behin Herrira-k. Gaur, berriz, agerraldi publikoa egingo du preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimenduak Donostia ospitalean.
EH Bildu, deialdiarekin bat
EH Bilduk ohar baten bidez adierazi du bat egiten duela larunbatean Arrasaten egingo den manifestazioarekin. Josu askatu! Hamalauak herrira! lelopean egingo da mobilizazioa, 17:30ean, Arrasateko plazatik abiatuta. EH Bilduk dei egin dio euskal gizarte osoari mobilizazioan parte har dezan.
Modu horretan, koalizioak Uribetxeberria bera eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainerako presoak berehala aske uzteko exijitu dio Espainiako Gobernuari. EH Bilduk uste du presoa Donostiara ekartzea ez dela nahikoa, eta adierazi du Espainiako legediaren arabera «dagoeneneko etxean eta aske» egon behar lukeela. Espainiak aplikatzen duen espetxe politika «salbuespenezkoa eta mendekuan oinarritua» dela ere salatu dute, eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ahuldu eta konponbide prozesua hondoratzea duela helburu: «Espetxe politika hau deuseztatzeko garaia da, Espainiako egungo legedia bera errespetatzen ez duelako, eta muzin egiten dielako Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren aginduei».
Uribetxeberria aske uzteko eskatu du haren abokatuak Madrilen
Auzitegi Nazionalean egin dute eskaera; espetxe zaintzako auzitegi medikuen txostena eskatu du epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu