EUSKAL PRESOAK

Uribetxeberriak botikak hartzen dituela baina gose greban jarraitzen duela azaldu du Garitanok

Gose greban dagoen preso gaixoarekin bildu da Garitano Donostiako Ospitalean. Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri dela Uribetxebarria aska dezatela eskatzeko. Goizean, preso gaixoaren senideek eta Etxerat eta Herrira elkarteetako ordezkariek bilera egin dute Garitanorekin eta Iñigo Lamarca EAEko arartekoarekin.

2012ko abuztuaren 10a
20:39
Entzun

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Josu Uribetxeberria presoarekin bilduta da gaur Donostiako Ospitalean. Presoa gaixoa minbiziari aurre egiteko medikuek ezarritako botikak hartzen ari dela azaldu du Garitanok, baina gose greban jarraitzen duela; jasaten ari den muturreko egoera salatzeko eta tratu duina eskatzeko. 

Garitanok presoa "oho ahul eta argal" ikusi duela aitortu du; "hala ere gizatasun osoz ari zaio aurre egiten gaixotasun honi". Ordubete baino gehiagoz izan da Donostiako Ospitalean, eta presoa askatzea galdegin du irteeran. 

Goizean, preso gaixoaren senideekin eta Etxerat eta Herrira elkarteetako ordezkariekin bilera egin du ahaldun nagusiak diputazioak hiriburuan duen bulegoan. Garitanok kezka azaldu du preso gaixoek duten egoerarengatik, eta Uribetxebarriaren askatasuna eskatzeko konpromisoarekin jarraituko duela adierazi du. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin harremanetan ari dela esan du. 

Garitanorekin izan ostean, Iñigo Lamarca EAEko arartekoarekin bildu dira presoaren senideak eta Etxerat eta Herrira-ko bozeramaileak. Arartekoari publikoki duen iritzia kaleratzea galdegin diote, baita presoaren aldeko tratu duina aldarrikatzea ere. Lamarcak bere kezka adierazi du, eta bozeramaileek eskatutako konpromisoak bete egingo dituela esan du. 

Hain zuzen, Zaballako espetxeko zuzendaritzara, Madrilgo Arartekora eta Auzitegi Nazionalera bere kezka helaraziko duela nabarmendu du arartekoak.

Etxerat-ek uztailaren 28an iragarri zuen elkarteak alderdi eta instituzioekin bilera sorta bat hasiko zuela, eta astelehenean bertan izan zuten lehen bilkura EH Bildu koalizioarekin. Datozen egunetan bilera sortarekin jarraituko du. Datorren astean Ezker Anitza-IUrekin biltzeko asmoa dutela aurreratu dute, eta EAJ-PNVren erantzunaren zain omen daude. 

Bileren ostean, Mattin Troitiño Etxerat-eko bozeramaileak esan du Uribetxeberria probak egiteko prest agertu dela. Atzo Espainiako Barne Ministerioak adierazi zuen Uribetxeberriak probei uko egiteak eragotzi egiten duela haren diagnostikoan sakontzea, "gerora, legearen barruan har litekeen edozein erabaki hartzeko". 

 

35 preso gose greban

Villefranche sur Saone, Fresnes (Frantzia), Sevilla II (Espainia) eta Castello II (Herrialde Katalanak) espetxeetako presoek gose grebari ekin diotela jakinarazi zuen atzo Etxerat elkarteak. Denera, 35 presok hartu dute erabaki hori, Uribetxeberria presoari elkartasuna adierazteko. Uribetxeberriak berak hirugarren eguna du gaur gose greban, eta azken fasean sartua duen minbizia du.

Bestalde, gaur goizeko hamarretatik aurrera, bost lagunek bat egin dute gose grebarekin: Fran Balda eta Jon Garai Herrira-ko kideek; Ander Alberdi bularreko minbizia duen Gotzone Lopez de Luzuriaga presoaren senarrak; Joxerra Askasibar Arrasateko Udaleko zinegotziak, eta Rodolfo Cuesta preso ohiak. 

Uribetxeberria euskal presoak gose greba hasi zuen asteartean Donostiako Ospitaleko ziegan, jasaten ari den muturreko egoera salatzeko. "Euren legeen arabera, ni kartzelan nago. Orain, gaixo larria naiz, eta, euren legeen arabera, eskubidea dut baldintzapeko askatasunean kaleratua izateko. Ez dut uste asko eskatzea denik. Nire denbora badoa, duintasunez igarotzea besterik ez dut nahi", adierazi zuen Uribetxeberriak ohar bidez.

Arrasatearrak metastasia du, eta astebete pasa darama jada Donostiako Ospitalean. 2005ean minbizia atzeman zioten arren, preso eduki dute, eta gaixotasuna okertu zaio. Beste bi nodulu atzeman dizkiote: buruan bat, eta biriketan bestea. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.