AZKEN ORDUA

Uribetxeberriak gose greba hasi du bere egoera salatzeko

Metastasia du, eta Donostiako Ospitalean dago joan den asteazkenetik, Espainiako Barne Ministerioak presoa hurbiltzea erabaki ondoren. Herrira-k zabaldu duen gutun baten bidez jakinarazi du erabakia preso arrasatearrak.

2012ko abuztuaren 8a
22:47
Entzun

Iosu Uribetxeberriak euskal presoa gose greba hasi duela adierazi du Herrira mugimenduak zabaldutako gutun batean. "Gaur, 00:00etatik aurrera, gose greban jartzen naiz" dio Uribetxeberriak oharrean. Espainiako Gobernuak preso gaixoekin hartutako jarrera "krudelari" amaiera ematea omen da gose grebaren helburua, alegia, gaixotasun larri eta sendaezinekin dauden hamalau presoen askatasuna. Ospitalean daramatzan egunetan Polizien aldetik jasotako tratu "itxi eta bortitza" salatu du, halaber. 

Gaur Gara egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean, aurreratu du gose greba egiteko aukera. "Askatasuna ukatzen badidate, erabaki gogorra izango da niretzat, baina ez dago atzera egiterik. Gelditzen zaidan bide bakarra gose-greban jartzea izango litzateke eta nire egoeran egonda, ez dut uste asko luzatuko litzatekeenik. Gorrotoa horrenbesteraino heltzen bada, duintasunez hiltzea izango da nire asmoa" azaldu du arrasatearrak elkarrizketan. 

Uribetxeberriak metastasia du, eta astebete egin du jada Donostiako Ospitalean. 2005ean minbizia atzeman zioten arren, preso mantendu dute eta gaixotasuna okertu zaio. Bi nodulu berri atzeman dizkiote: buruan bat, eta biriketan bestea. Jon Garai Herrira mugimenduko kidea halaxe mintzatu zen haren inguruan orain lau egun: "Josu heriotzaren itxarongelan dago, eta lehenbailehen utzi beharko lukete libre". Hainbat eragilek presoaren askatasuna eskatu dute dagoeneko.

Herrira-k deituta, manifestazioa egingo dute larunbatean Donostian, Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira lelopean. Martxa 17:30ean abiatuko da, Saguestik, eta Zurriolako hondartzako pasealekutik igaroko da. Donostiako Aste Nagusiaren hasierarekin bat egingo du manifestazioak.

Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan parte hartu izana egotzita dago preso. 1998an 32 urteko espetxe zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.