Urizar: «Aresen mehatxuek ez dute EA urduri jarriko»

Aralarrek eta EAk atxiloketak eta torturak eteteko eskaera berretsi dute, Aresek zuzenketa eskatu badie ere

jon olano
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Aresen aldetik, abisu eta mehatxuak jasotzen ari gara azkenaldian, baina ez gaitu urdurituko». Hala adierazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari erantzunez. Aresek zuzenketa eskatu die Aralarri eta EAri, herenegun atxiloketak eta torturak amaitzeko eskatu zutelako.

EAk batzarra egin zuen atzo Donostian. Urizarrek jakinarazi zuenez, Maiorga Ramirez eta Eva Aranguren izango dira Nafarroako Parlamenturako eta Iruñeko Udalerako EAko zerrendaburuak. Kazetarien galderei erantzunez, indarkeriari dagokionez EAk beti «jarrera argia» izan duela gogorarazi du Urizarrek, eta atsekabea azaldu du Aresek «bestelako mezua» zabaldu nahi duelako. «Ares minduta dago, sortzen ari den egoerak oso leku txarrean uzten baitu», esan du Urizarrek. Izan ere, duela urtebete, Aresek ezker abertzalearen barne eztabaida ukatzen zuela eta orain esandakoak zuzendu behar izan dituela oroitarazi du Urizarrek.

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak ere berretsi egin du torturak eta inkomunikazioa amaitzeko eskaera. «Poliziak bere lana egin behar du, baina eskubide guztiak errespetatuz», iritzi dio Zabaletak. EA eta Aralarri zuzenketa eskatu beharrean, Amnesty Internationalek torturak saihesteko emandako aholkuak jarrai ditzala esan dio Aresi.

Zabaletaren iritziz, ez da soilik tortura desagerrarazi behar; torturatzeko aukera ere ezabatu behar dela argitu du. Gainera, gizartean Poliziaren lana «beharrezkoa» dela ziurtatu du, baina lan horrek «eskubide guztiak» errespetatu behar dituela oroitarazi du.

Eskaera, «lotsagabea»

Besteak beste, EAk, Aralarrek, ezker abertzaleak eta Alternatibak torturen eta atxiloketen aurka aurkeztutako agiria «lotsagabea eta doilorra» dela adierazi du Aresek, eta zuzenketa eskatu die EAri eta Aralarri. Oso larritzat jo du bi alderdi horiek agiria sinatu izana, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza dutelako. Gainera, «biktimak iraintzea» eta «terrorismoa bultzatzea» leporatu die.

«Alderdi demokratiko batzuek agiri horrekin eta Batasunaren tesi eta hizkera zaharkituarekinbat egiteak ETAren amaieratik urruntzen gaitu», adierazi du. Hala, azalpenak eskatu dizkie EAri eta Aralarri: «Argi dezatela terrorismoaren aurkako alderdi gisa duten historiarekin haustea erabaki duten».

Espainiako Gobernuak atxiloketak bake prozesua oztopatzeko baliatzen dituela salatzen du herenegun aurkeztutako agiriak. Idatzian, sinatzaileek euren kezka agertzen dute inkomunikazio aldian atxilotuek jaso dezaketen tratuaren inguruan, eta torturak bertan behera uzteko eskatzen diote Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.