Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko kidearen arabera, EAJk berriro "boterea" nahi du EAEn, eta Eusko Jaurlaritzara itzultzeko PP eta PSE-EErekin "itunak egiteko terrenoa prestatzen" ari da. "Izan ere, EAJk badaki EH Bildu izango dela lehen indarra legebiltzarrean".
Gipuzkoako hondakinen auzia dela eta, "EAJ kalkulu politiko huts-hutsa" izanda ari da jokatzen, Urizarrek gaur Donostiako prentsaurreko batean esan duenez, eta Iñigo Urkullu EBBko presidenteari galdetu dio PP eta PSEri "zer eskaintzeko prest" dagoen Jaurlaritza erdieste aldera. "Betiko koherentziarekin ari da jokatzen EAJ: boterea nahi du. Erakutsi nahi du berak baino ez dakiela gobernatzen, baina hori faltsua da; Bildu ondo ari da".
EAko buruak esan du lehendakaritza lortuz asmoz alderdi jeltzaleak PP eta PSEri ez diela ezer zehatzik proposatu, "hartara bere bidean inolako eragozpenik egon ez dadin".
Urizarrek jakinarazi du abuztua baino lehen esango dutela zein izango den EH Bilduren lehendakarigaia.