Urizarrek ohartarazi du ETArekin hitz egin ezean hura ez dela desagertuko

«Konpondu beharreko gauza teknikoak daudenez», hitz egitera deitu ditu Espainiako eta Frantziako gobernuak

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek ohartarazi du ETArekin hitz egiten ez den bitartean erakunde armatua ez dela desegingo. «Armak egongo dira eta erakunde armatuko kideak egongo dira», esan du Herri Irratian egin dioten elkarrizketa batean. Hain justu, horretarakoxe hitz egin behar dute Espainiako eta Frantziako gobernuek erakunde armatuko kideekin, Urizarren irudiko: «Konpondu beharreko gauza teknikoak daude».

Larunbatean Frantzian atxilotutako hiru ustezko etakideei buruz galdetutakoan honakoa esan zuen Urizarrek: «Kalean badaude etakideak, eta desegin gabeko armak daude, entregatu gabekoak. Ez dut esango aktiboan daudenik, baina hor daude. Eta horrek arrazoi sinple bat du: prozesua ez da bururaino eraman». Horretarako bi gobernuek ETArekin hitz egin behar dutela dio.

ETAren borondate eta asmoen inguruan «zalantzak pizten aritzea» egotzi dio ezker abertzaleko Maribi Ugarteburuk Espainiako Barne ministroari. Hori ez dela «zilegi eta sinesgarri» ohartarazi dio, «EspainiakoEstatua izanik ETAk ikuskatzerako erakutsiriko borondateari uko egin diona». Ezker abertzaleari ETA desager dadin konbentzitzeko eskatzeari uzteko eskatu dio: «Espainiako Gobernuak berak hasi beharko luke, eta Frantziakoak, ETArekiko elkarrizketa, azken hamarkadetako gatazka armatuaren ondorioen korapiloak askatzeko; hau da, preso eta erbesteratu politikoen etxeratzea, ETAren desarmea eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa».

Espetxe politika aldatu beharra ere nabarmendu zuen Urizarrek Herri Irratian, eta hori komunikabideetan isla izan gabe ere egin daitekeela azaldu. PPren aldetik mugimenduak egotea zail ikusten du: «Zapateroren gobernuei presio egiteko, barrerak ipini zizkion bere buruari, eta oraintxe bertan ezingo ditu kendu».

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak euskal presoak Zaballako eta Iruñeko espetxeetara gerturatzen hasteko eskatu zuen ETBn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.