Pello Urizar EAko idazkari nagusiak azaldu du subiranotasunaren bidean bere alderdiak "aldebakartasunaren" alde egingo duela. Gaur EAk Donostian duen egoitzan amaitzear dagoen kurtso politikoaren balantzea egin du Urizarrek, eta esan du gizarte zibilarekin lanean segitu behar dela, "Madrildik ezer itxaron gabe".
"Espainiako Gobernua hondoratzen ari da", haren ustez, eta gaineratu du estatuaren batasun politikoa bermatzeko PP "edozer" egiteko prest egongo dela, baita "mehatxatzeko eta hertsatzeko" ere. Horregatik, azaldu du Euskal Herriak Mariano Rajoyren alderdiaren "beste legealdi bat" ezin duela jasan, "atzerapen soziala, politikoa eta demokratikoa" ekarri baitute azken lau urteek. Erresuma Batuak Eskoziarekin izan duen jarrera Espainiako Estatuarekin alderatu du, arazoa "kultura demokratikoa" delakoan.
EH Bildu "etengabe egokitzen" ari den koalizioa dela esan du Urizarrek, eta adierazi du EA Espainiako Estatuko beste indarrekin batzeko prest dagoela, beti ere "erabakitzeko eskubidea aitortzen bada". Pasa den asteazkenean Espainiako hauteskundeetara aurkezteko "indar progresisten" hautagaitza bateratua proposatu zuten gizarte zibileko hainbat kidek, eta EAko buruak argitu du proposamena "gustatu" zaiela; irailean dira eskaitzaren azterketa sakontzekoak.
Urizarrek EAJk PSE-EErekin duen akordioetarako jarrera txarretsi du. Adierazi du erakundeetarako egin duten ituna "akatsa" dela, eta uste du PSOEk proposatu duen konstituzioaren erreforman erabakitzeko eskubidea ez dutela aitortuko. "Gu beste bide batean gaude".
Udal eta foru hauteskundeen inguruko balantzea dagoeneko egina dutela esan du. Hala ere, Urizarrek Nafarroako "aldaketa garrantzitsua" nabarmendu du, haren ustez, gobernu aldaketa Espainiako Estatuarentzako ez baita gustukoa izan.