Urizek «bidegabetzat» jo du PSNk kanporatzeko espedientea ireki izana

Atarrabiako zinegotzi sozialistak «ETAren inguruko pertsonak» omentzea lotsagarria dela argudiatu du PSNk

joxerra senar
Iruñea
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Atarrabiako festen hasieran beste behin polemika izan da. Jose Luis Uriz Atarrabiako zinegotzi sozialistak jaiak hasi baino lehenago igorritako ohar batean zehaztu zuen, besteak beste, Arnaldo Otegiren omenez jaurtiko zuela suziria. Hori ikusita, alderditik kanporatzeko espedientea ireki dio PSNk. Jose Luis Izko PSNko Antolamendu idazkariak atzo azaldu zuen asteazkenean jakin zuela Uriz «mota horretako ekimen bat» egitera zihoala eta telefonoz hori ez egiteko ohartarazi ziola. Ostegunean, posta elektronikoz, agindu hori berretsi zion. Izkoren aburuz, «lotsagarria» da «ETAren biktimez oroitu beharrean ETAren inguruko pertsonak omentzea». Urizek, berriz, erantzun du «bidegabea» dela alderdiak espedientea irekitzea.

Espedientea aurrera atera edo ez, Jose Luis Uriz politika uztera doa. Azken legealdia du. Frankismo garaian alderdi komunistako militante izan ostean, 1990ean PSNn afiliatu zen. Hogei urteotan, parlamentari izan da bi legealditan eta Atarrabiako hautetsia 1999az geroztik. Politika uztera doala eta, «sentiberatasunez» azken urteetan gertatutakoaz gogoeta egin, eta bost pertsona gogora ekarri zituen txupinazo aurretik argitaratutako oharrean.

Horietako bat zen Otegi, urteotan «Batasuna bakearen bidetik» zuzentzeko asmoz egindako lanagatik. «Batasunaren barruan mugimenduak diren honetan, bide hori behin betiko izan dadin lagundu eta babestu egin behar da». Urizek atzo argudiatu zuen txupinazoan hitzaldi orokorra egin zuela bakearen alde eskuzabaltasuna eta ausardia aldarrikatuz, baina ez zuela Otegi batere aipatu. Bidegabetzat jo du PSNk Otegiz bai baina biktimez ez oroitu izana leporatzea. «Hautetsi gisa, ni eta nire udal taldeko kideak urte askotan oso bakarrik egon gara sozialismoa eta demokraziaaldarrikatzen». Horregatik, espedienteak nabarmen eragin diola aitortu du.

PSN: «Nekatuta gaude»

Txupinazoa larunbat eguerdian bota zuten, eta une horretan PSNko militanteak lurralde batzordean ziren. «Horren berri izan genuenean, [PSOEko] zuzendaritza federalarekinjarri ginen harremanetan, eta bi aldeok ondorioztatu genuen oso larria zela eta kanporatzeko espedientea ireki behar zela. Erabaki hori lurralde batzordeko kideei jakinarazi genien eta txalo zaparrada batekin oniritzia eman zioten», esan zuen Izkok. «Urizen kontuekin nekatuta gaude», gaineratu du.

PSNko zuzendaritzak espedientea etzi irekiko du, instruktoreak izendatuko ditu eta epeakjarriko ditu. Izkok gaineratu du Jose Luis Uriz «gaur-gaurkoz» PSNko afiliatu dela eta horrenbestez aukera izango duela prozeduraren barruan bere arrazoiak emateko. «Kanporatua bada, ez da PSNtik aterako, PSOEtik baizik. Gu PSOE gara».

Gertaerak udal politikaren mugak gainditu ditu. Nafarroako Gobernuak «zentzugabekeriatzat» jo du Urizek egindakoa. Yolanda Barcina Iruñeko alkateak, berriz, azaldu du suziria Otegiren omenez egitekoa zela jakinez gero ez zela hara joango. Uxue Barkos NaBaikoak, berriz, Urizek emandako azalpenekiko «errespetu osoa» eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.