ETAk jardun armatua behin betiko eten zuela bi urte igaro direla-eta, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaria elkarrizketatu du Efe agentziak. "Ez gaude bake prozesu batean, batzuk tematzen diren arren ez baita gatazkarik egon", azaldu du. Haren ustez, gatazkaren "teoria desegitea lortu" dute.
Herenegun, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia askatzeko eskatu zuen Eusko Legebiltzarrak EAJ eta EH Bilduren botoei esker, eta horren inguruan ere mintzatu da Urkijo: "Berme guztiekin epaitua izan da, eta ETAko buruzagi izateagatik zigortu dute; beraz, zigorra osorik bete beharko du".
Haren iritziz, Espainiako Gobernua ez da ETAren desarmearen gai "teknikoak" negoziatzeko "tranpan" eroriko, argudiatuta Madrilek ez duela "talde terrorista batekin ezer ere ez hitz egiteko". "Ulertzen dut ez dutela desagertu nahi ezer lortu gabe, barne kontsumorako bada ere, baina PPren gobernuarekin ez da inolako elkarrizketarik egongo", gaineratu du.
Hori horrela, Urkijok ez dio "zentzurik" ikusten, jardun armatua etenda, erakunde armatua desegin ez izana: "Ez dakit zeren zain dauden".