Euskal erakundeek —berdin dio udal, foru gobernu edo Jaurlaritza izan— hartzen duten erabaki oro Urkijoren iragazkitik pasatzen dira, eta askok auzitegietan bukatzen dute. Joan den astean, Urkijok Gipuzkoako euskara planari helegitea jarriko ziola iragarri zuenean, foru aldundiak salatu zuen dagoeneko Urkijoren aldetik pairatzen duten "hamaseigarren erasoa" dela. Izan ere, foru aldundiaren hamasei erabaki eraman ditu auzitara Urkijok. Hona hemen, auzi horien nondik norakoak:
2011KO AZAROA
Espainiako bandera jartzearen kontrako plaka
Espainiako bandera jartzeko betebeharrarekiko desadostasuna erakusteko, foru jauregian plaka bat zegoen jarrita 2010eko otsailetik, eta hura kentzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Plaka Markel Olano (EAJ) ahaldun nagusiak jarri zuen aurreko agintaldian, eta Estatuaren abokatuak jarri zuen salaketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Auzitegiak, hasiera batean, ez zuen salaketa onartu eta Estatuaren abokatuak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Gorenak helegitea aintzat hartu eta plaka kentzeko agindua eman zuen 2011ko azaroan.
2011KO ABENDUAREN 6A
Espainiako Konstituzio Egunean, ezin lanera joan
Foru aldundiak 2011ko abenduaren 6an (Espainiako Konstituzioaren eguna) lanera joateko aukera eman zien diputazioko langileei. 2012ko martxoan, Urkijoren bultzadaz, Estatuaren abokatuak horren kontrako helegitea aurkeztu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiaren behin-behineko epaia, foru aldundiaren kontrakoa, 2013ko azaroan iritsi zen. Aldundiak helegitea aurkeztu zuen, baina ez zuen onartu. Ondorioz, langileek jai dute, ezinbestean.
2012KO URRIAREN 12A
Hispanitatearen Egunean, jai egin behar
2011n Espainiako Konstituzioaren Egunarekin bezala, 2012ko urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, lanera joateko aukera eman zien langileei foru aldundiak. Azaroan, Estatuaren abokatuak horren kontrako helegitea jarri zuen, Urkijok hala eskatuta. EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen salaketa, eta arrazoia eman zion Estatuaren abokatuari. Egun horretan, beraz, foru aldundiko langileak behartuta daude jai egitera.
2012KO URRIA
Espainiako banderaren kokapenaren auzi luzea
Espainiako banderaren kokapenaren auzia 2005ean hasi zen, eta EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi zenean bete-betean harrapatu zuen auziak. Espainiako Auzitegi Gorenak 2005ean EAJren esku zegoen foru gobernua behartu egin zuen Espainiako bandera jartzera. Baina Urkijok, 2012an, Espainiako bandera merezi zuen lekuan ez zegoela iritzita, Estatuaren abokatuari eskatu zion prozedura hasteko. Haien helburua zen foru aldundiak Espainiako bandera "ohorezko lekuan" jartzea. Foru aldundiaren helegiteak behin eta berriro baztertuta, 2014ko apirilean, Espainiako bandera "ohorezko lekuan" jartzera behartzen zuen epai irmoa eman zuen Auzitegi Gorenak. Egun, foru jauregiko balkoi batean dago jarrita, albo batean eta ikurrinaren eta Gipuzkoako banderaren artean.
2012KO ABENDUA
Gabonetako aparteko ordainsariaren ordainketa
2012ko abenduan Espainiako Gobernuak administrazio publikoetako langileen aparteko ordainsariaren ordainketa bertan behera utzi zuen dekretu bidez. Foru gobernuak, ordea, aldundiko 1.900 funtzionario publikoei soldata osagarria ordaindu zien, haien erosteko ahalmena kaltetua izan ez zedin. Urkijok hala eskatuta, Estatuaren abokatuak erabaki haren kontrako helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Oraindik ez dago ebazpenik.
2013KO MARTXOA
Presoen aldeko pankarta kentzeko agindua
2013ko martxoan, EH Bilduren foru gobernuak adostu zuen foru jauregiaren balkoian Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira zioen pankarta bat jartzea. Urkijoren eskaerari erantzunez, Estatuaren abokatuak helegitea aurkeztu zuen 2013ko apirilean, pankarta hori "delitua" zelakoan. 2014ko urtarrilean, pankarta kentzearen aldeko ebazpena kaleratu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Foru aldundiak helegitea aurkeztu zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen. Behin betiko epaia 2014ko irailean eman zuen Auzitegi Nagusiak. Jada ez dago pankarta hori foru jauregiko balkoian.
2013KO APIRILA
Xalbador ikastolari diru laguntza
2013ko apirilean Xalbador ikastolari emandako diru laguntza izan zen salaketaren iturri. Foru gobernuak Seaskari hiru urtez 200.000 euro ematea erabaki zuen, Kanboko (Lapurdi) ikastolak behar zituen zabalkuntza eta berrikuntza lanak egin ditzan. Urkijoren eskaerari erantzunez, baina, Estatuaren abokatuak salaketa jarri zuen 2013ko ekainean, neurria "legez kanpokoa" dela argudiatuz. Oraindik ez dago gaiaren inguruko epai irmorik.
2013KO URRIA
Obra publikoetan gizarte klausulak
2013ko urrian, Eusko Jaurlaritzak eta Estatuaren abokatuak obra publikoetako kontratuetan gizarte klausulak txertatzen dituen foru arauaren kontrako salaketa jarri zuten. 2013ko uztailean indarrean sartutako foru arau baten arabera, obra publikoen kontratazioan, Gipuzkoan indarrean dauden lan hitzarmenak betetzen dituzten eta gizarte irizpideak kontuan hartzen dituzten enpresak hobesten dira. Bi erakunde horiek foru arauaren kontra salaketa jarri zuten, eta, epaia egon bitartean, araua bertan behera uzteko eskatu zuten. EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu behin-behineko eten hori, eta klausulak indarrean segitu du. Joan den astean auzitegiak atzera bota zuen Jaurlaritzaren helegitea, eta aste honetan gauza bera egin du Estatuaren abokatuak aurkeztutakoarekin. Dena den, ez da epai irmoa, eta helegitea aurkez dezakete ebazpenaren aurka.
2013KO AZAROA
Igeldoko kontsulta
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Igeldoko bizilagunen elkarteak eskatuta, Igeldoren etorkizuna erabakitzeko kontsulta bultzatu zuen 2013ko azaroan. Igeldotar gehienek udalerri propioa izatearen alde bozkatu zuten, eta aldundiak erabaki hori gauzatzeko bidea eman zuen. Donostiako Udaleko oposizioko alderdiek (EAJk, PSE-EEk eta PPk) auzitara eraman zuten igeldotarren erabakia. 2014ko otsailean, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Igeldo herri bihurtzeko prozesua. Foru Aldundiak helegitea aurkeztu zuen apirilean, eta Gorenak berretsi egin zuen prozesua gelditzeko erabakia, epai irmoa eman arte. Auzi honekin hiru prozedura daude irekita —kontsulta bertan behera uzteko eskatzen duten bi eta segregazioa onartzen zuen erabakiaren kontrako beste bat—.
2014KO MARTXOA
Adolfo Suarezen heriotzagatik dolurik ez
2014ko martxoan, Espainiako Gobernuko presidente ohi Adolfo Suarezen heriotza zela eta, hiru eguneko dolua ezarri zuen Espainiako Gobernuak. Foru aldundiak eta Donostiako Udalak ez zituzten banderak masta erdira zintzilikatu. Urkijoren ekimenez, EAEko fiskalak diligentziak ireki zituen, baina artxibatuta daude.
2014KO EKAINA
Gure Esku Dago-rentzako diru laguntza
2014ko ekainean, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduari 100.000 euroko diru laguntza eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren kontrako salaketa ere jarri zuen Estatuaren abokatuak. Zabalik dago auzia. Jada emanda dauden laguntzak direnez, ebazpena edozein dela ere, diru laguntza ez litzateke itzuliko; baina foru aldundiari legokioke auzibidearen gastuen kargu egitea.
2014KO EKAINA
KPIaren igoera
2014ko ekainean, aldundiko langileei soldatan KPIaren igoera aplikatzea erabaki zuen. Urkijok eskatuta, Estatuaren abokatuak salaketa jarri zuen ebazpen horren kontra EAEko Auzitegi Nagusian. Auzia zabalik dago oraindik, eta langileen soldatetan aplikatu egiten da KPIaren igoera.
2014KO UZTAILA
Udalbiltzari diru laguntza
2014ko uztailean Udalbiltzari emandako diru laguntza hartu zuen jomugan Urkijok. Estatuaren abokatuak auzibidean jarri zuen foru aldundia. Zabalik dago auzia oraindik.
2014KO AZAROA
Kataluniako 'senyera'
2014ko azaroan, Kataluniako independentziari buruzko galdeketa zela eta, prozesuari sostengu sinbolikoa eman nahian, senyera Kataluniako bandera jarri zuen foru aldundiak jauregiaren aurrealdean. Estatuaren abokatuak auzibidean jarri du erabaki hori, eta zabalik dago oraindik. Bandera, ordea, aspaldi dago kenduta, galdeketa pasatzean kentzea baitzen asmoa hasiera-hasieratik.
2014KO ABENDUA
Seinale elebakarrak
Euskal Herriko zenbait interesgune seinalizatzen dituzten panelak jarri zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideetan. Seinale elebakarrak (euskaraz) eta tamainaz handiegiak direlakoan, legez kontrakoak direla iritzita, Estatuaren abokatuak helegitea jarri du Gipuzkoako errepideetan turismoa sustatzeko jarritako seinaleen harira. Auzia zabalik dago.
2015EKO URTARRILA
Euskara planari helegite iragarpena
Urtarrilaren 8an, Gipuzkoako Foru Aldundiak sektore publikoan euskarari lehentasuna emateko plana aurkeztu eta hurrengo egunean, Carlos Urkijok iragarri zuen Estatuaren abokatuari eskatu diola planari helegitea jartzeko. Bigarren hizkuntza ofizialari kalte egiten diola eta Espainiako Konstituzioak jasotzen duen koofizialtasuna urratzen duela uste du Urkijok. Oraindik helegiterik ez da aurkeztu.