Donostiako Udalak 9.000 euroko laguntza emango dio Barrutik begirako leihoak film dokumentalari. Datorren astean onartuko dute Gobernu Kontseiluan. Euskal presoen bizimoduaren ingurukoa da dokumentala. Bost presoren istorioak kontatuko ditu, bost zuzendarik landuta. Protagonisten artean Mikel Albisu Antza dago, eta zuzendarien artean, Eneko Olasagasti.
Laguntza alkatetzatik bideratuko dute, zuzenean. Baina, PPri ez zaio gustatu, eta laguntza hori bere tokira iristea galarazten saiatuko da. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak jakinarazi du onartu bezain pronto erabakiaren kontrako helegitea jartzeko eskatuko diola Espainiako Estatuaren abokatuari: «Ez dugu onartuko diru publikoarekin terroristak goratzea, eta haien biktimak umiliatzea».
PSE-EEk ere kritikatu du erabakia. Ernesto Gasco Udaleko bozeramaileak esan du proiektuak ez diola bakeari laguntzen.
Axier Jaka Bilduko zinegotziak bestelako iritzia du: «Gatazkaren beste alde bat ikusteko aukera dago, eta egoera guztien azterketa sakona egiteak aberats gaitzake». Gainera, «alkatetzak duen eskuduntzaren normaltasunaren barruan» kokatu behar dela dio: «Beste alkate batzuek halako erabakiak hartzeko askatasuna izan dute, eta errespetatu behar da».
Urkijok galarazi egin nahi du presoei buruzko dokumentala finantzatzea
Donostiako Udaleko alkatetzak 9.000 euroko laguntza emango dio 'Barrutik begirako leihoak' filmari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu