Jone Artola txupinera izendatu izanaren aurka ere egin du Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak. Haren hitzetan, Artolak "legez kanpoko erakundeekin duen loturak" baliogabetu egiten dute Bilboko Aste Nagusiko txupinera izateko, eta ondorioz Espainiako Estatuaren abokatuari eskatu dio izendapena atzera botatzeko. Urkijok "ehunka" ohartarazpen eta debeku egin eta agindu ditu Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria denetik, eta orain ere ez da atzean geratu.
Herenegun Dignidad y Justicia eta Covite elkarteak izan ziren lehen salaketa egin zutenak. Horietan bost argudio ematen zituzten izendapena atzera botatzeko: preso baten arreba dela, EH eta ANVko hauteskunde zerrendetan egon dela, Txori Barroteko sortzaileetako bat eta kide dela eta Etxerat-eko kide dela. Efe albiste agentziak aurreratu duenez, lehenengoa izan ezik, beste arduioak bere egin ditu Urkijok.
Laudion asteazkenean hasiko dira festak
Uste du Urkijok Artola txupinera izendatzeak Biktimen Legea urratu dezakeela. Gauza bera argudiatu du, izendapenak ETAren biktimak iraintzen dituela, Pablo Gorostiagari Laudioko jaiteko pregoilari izendapena kentzeko. Eskaera luzatu eta Gasteizko epaileak atzera bota zuen Gorostiagaren izendapena. 18/98 auzian zigortuta espetxean dago Gorostiaga, Laudioko alkate ohia.
Laudioko Udalak atzo iragarri zuen erabaki horren kontra helegitea aurkeztuko duela. Batetik, epaileak ez duela euren iritzia entzun; argudiatu zuen Monica Basurto epaileak ez zuela denborik horretarako, jaiak asteazkenean hasten direlako. Eta bestetik argudiatu zuen pregoilariaren izendapena herritarrena dela, eta jai batzordearen bidez egiten dutela. Udalak izendapena berretsi baino ez duela egiten argitu zuen.