Bakea, elkarbizitza eta giza eskubideen arloan lan egiten duten erakunde eta gizarte mugimenduei diru laguntzak emateko programaren bidez jaso zuen laguntza Etxerat-ek. Hain justu, espetxeetan hezkuntza eskubidea bermatzeko proiektua aurkeztu zuen.
Espainiako Gobernuak Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan duen ordezkariak dio Etxerat ezin dela aintzat hartu "bakearen eta giza eskubideen alde" lanean ari den erakunde bezala. Gaineratu du lagundutako proiektua ere ezin dela programa horretan txertatu. Dioenez, Jaurlaritzak ez du eskumenik kartzeletako hezkuntzaren alorrean.
Urkijoren arabera, diru laguntza horrek "urratu" egiten ditu terrorismoaren biktimen babeserako legeak. "Memoriaren printzipioaren eta biktimen duintasunaren kontrako aurrez aurreko erasoa da [diru laguntza]".
Etxerat-en erantzuna
Etxerat-ek zehaztu du "bakea, elkarbizitza eta giza eskubideen alde egiten duen elkartea" dela, eta preso eta senideek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketak salatzen dituela. Urkijoren erabakia "Etxerat-ek azkenaldian pairatzen dituen kriminalizazio ahaleginen testuinguruan" kokatzen du elkarteak.
"Surrealista da Urkijo bezalako bakearen arerio batek, euskal herritarrek inoiz aukeratu ez duten kargu batek, gure elkartea eta gure elkarteak giza eskubideen alde egiten duen lana iraintzea". Elkarteak gaineratu du, bien bitartean, "ehundaka" direla espetxera bidean bizitza jokoan jartzen ari diren euskal herritarrak.