Xalbador ikastola eraberritzeko Seaskari 600.000 euro ematea deliberatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta erabaki horren kontrako helegitea jartzeko eskatu dio Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Espainiako Estatu abokatuari.
Kanboko ikastola eraberritzeko, Seaskari hiru urtez 200.000 euro ematea erabaki zuen diputazioak. Urkijoren arabera, erabaki horrekin "gainditu" egin du diputazioari dagozkion eskumenen esparrua, eta gaineratu du Frantziako erakundeei dagokiela ikastola diruz laguntzea.
Urkijok azaldu du euskara laguntzea ezin dela argudio bat izan, eskumen hori Eusko Jaurlaritzari dagokiolakoan. Erantsi du egungo krisi ekonomikoan "zaila" dela argudiatzea "ezaugarri horietako inbertsio bat".