Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fskaltzan egin du salaketa Carlos Urkijok, datorren larunbateko ekimenak aurrera egin ez dezan. Ohartarazi duenez, "ETAko presoen aldeko ekitaldia izango da, eta gobernuaren espetxe politikaren kontrakoa", eta horrexegatik dei egin du "adi" egotera, "biktimen duintasunaren kontrako iraina dena ospatzekotan ere zigorrik gabe gera ez dadin". Terrorismoaren Biktimen 29/2011 eta Jaurlaritzaren 4/2008 legeak "urra" ditzakeela ohartarazi dio idatzian Urkijok fiskaltzari.
Aurten, gainera, urteroko aldarrikapenari "jai kutsua duen ekimena" gaineratu diotela salatu du. "Hiltzaileen askatasuna eskatzea ez da ezer neutroa", uste du, "baizik eta egiten duena moralki degradatu egiten du, eta are gehiago, inoiz ezin du eduki eskaera horrek eman nahi dioten jai izaera".
Hainbat elkarteren salaketa
“Terrorismoa goratu” daitekeelakoan, larunbaterako Tantaz Tanta mugimenduak deitu duen mobilizazioa debekatzeko eskatu dute AVT, Dignidad y Justicia eta APAVT ETAren biktimen elkarteek Espainiako Auzitegi Nazionalean, berri agentziek zabaldu dutenez.
Auzitegi horretako 6. instrukzio epaitegiko Eloy Velasco epailearen eskuetan utzitako idatzietan, elkarte horiek diote Bilboko mobilizazioaren deitzailea —Tantaz Tanta— Auzitegi Nazionala ikertzen ari den eta haren jarduna eten duen Herrira mugimenduaren eta Espainiako Justiziak legez kanporatutako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eta Askatasunaren “jarraipena” dela.
Hiru elkarteen arabera, mobilizazioa burutuz gero Espainiako Zigor Kodearen 578. artikuluan jasotako “terrorismoa goratzeko” delitua egingo litzateke. “Mobilizazio horren azpian dago ETAko kide izateagatik edo ETArekin kolaboratzeagatik zigortutako pertsonak goratzea”, adierazi du APAVT elkarteak, ohar batean.