Gaur, Urko Aristirekin aritu dira berriketan laugarren Sanfermintza saioan. Aristi jaiotzez Ibarrakoa da (Gipuzkoa), baina lau hilabete zituela Arribera (Nafarroa) joan zen bizitzera gurasoekin. Gerora, kazetari gisa lanean hasi zenean ere Iruñean aritu zen berriemaile. Euskalerria irratian ere aritu zen esatari moduan. Egun, ETBko Eguraldia saioko aurkezle eta zuzendaria da. Joan den otsailean, gainera, Tokikomeko presidente izendatu zuten.
Ez da Aristi izan, ordea, gaurko gonbidatu bakarra. Reyes Abarzuza liburu dendako Martzela Abarzuza ere izan dute gonbidatu. Liburu denda ezaguna da entzierroan ateratzen direnen artean, askok bertan erosten baitituzte egunkariak. Eguneroko moduan, zuzeneko musika ere izan da entzungai; Trikiteens taldeko Asier Azpilikueta eta Petti aritu dira.