poliTIKA

Urkullu: "Autogobernua ongizatea da, eta ongizatea autogobernua"

EAEren "osoko autogobernua erdiesteko" eskaintza egin dio EAJk Zapaterori, "esparru ekonomiko eta politikorako alternatiba".

2010eko uztailaren 17a
15:43
Entzun
Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak berretsi du bere alderdiak "eskua luzatuta" diola Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari Kongresuan akordioak lortzeko, eta argitu du balizko itun hori EAEren "osoko autogobernua erdiesteko" litzatekeela. Halaber, krisi ekonomikoaren garai hauetan ezinbesteko deritzo ongizatea lortzeari. "Autogobernua ongizatea da, eta ongizatea autogobernua da", adierazi du gaur Urkulluk.

Haren arabera, "egoera ekonomiko latza bizi dugu. Zailtasunak familietan daude, enpresetan. Arazoak izen-abizenak dituzten pertsonek dituzte", eta EAJ "pertsona horien aurrean" dago. "Esaten diegu esparru ekonomiko eta politikorako alternatiba planteatu dugula. Desgobernuari aurre egiteko alternatiba, hazkundea eta garapena bermatzeko alternatiba".

"Europan ahots propioa izateko eta gizarte honen borondatea errespetatzeko" eskaintza egin dio EAJk Zapaterori, Urkulluk adierazi duenez.

Durangon mintzatu da hala hura, EAJko alkateen arteko bileran. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek ere hartu dute parte ekitaldian -Xabier Agirre, Jose Luis Bilbao eta Markel Olano jeltzaleek-, baita Jokin Bildarratz (EAJ) Eudel EAEko udalen elkarteko presidenteak eta Rosana Navarro Iruñeko NaBaiko zinegotziak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.