Biktimak

Urkullu: “Biktimak eta gizartea elkarrekin gaude”

ETAren, GALen, Batallon Vasco Españolen eta M-11ko atentatuen 50 biktima inguru bildu dira Bilbon egindako ekitaldian. Ordezkaritza politiko zabala batu da.

Biktimen omenezko ekitaldia, Bilbon. ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2018ko martxoaren 10a
19:16
Entzun

"Terrorismoaren biktima guztientzako mezu bat zabaldu nahi dugu: bidegabea izan zen". Zirkulu bat osatuz, guztira, 300 pertsona inguru bildu dira Eusko Jaurlaritzak Bilboko Indautxu plazan deitutako bilkurara, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzaldiak itxi du ekitaldia. Iragana izan du lehenik mintzagai diskurtsoan, eta autokritika egiteko ere baliatu du hitza. "Gaizki egin genuen terrorismoa jasan zuten biktimei behar beste kasurik ez genielako egin; batez ere, 70eko eta 80ko hamarkadetan". Etorkizunari begira amaitu du, halere. "Ez daude bi parte, alde batetik biktimak, eta gizartea beste aldetik. Elkarrekin gaude".

Urkulluk argi utzi du ETAren indarkeriak "aparteko balorazioa" merezi duela. Eragindako giza kalteagatik batez ere, baina baita ere, "Trantsizioaren, Amnistiaren eta Gernikako Estutuaren ondoren ere betikotzeagatik", eta izan duen "laguntza sozio-politikoagatik" ere. ETAren indarkeriarekin batera, hura "goratzea", "legitimatzea" eta "justifikatzea" ere gaitzetsi ditu.

GALen, Batallon Vasco Españolen eta gisako beste talde armatuen biktimei ere keinu bat egin eta jasandako sufrimendua ere aitortu behar dela esan du lehendakariak. Gogoratu du biktima horiek maiz ez dutela aitortzarik jaso, eta kasu batzuk ikertu gabe gelditu direla.

Ordezkaritza zabala

Herritarrentzako ere irekita zegoen deialdia, baina biktimez gainera, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak izan dira nagusi ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Jaurlaritzako kontseilari guztiak, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ahaldun nagusiak, Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkari nagusi gehienak, patronaleko zuzendaritzako kideak, Euskal Herriko Unibertsitateko hiru errektoreak, Bilboko eta Donostiako alkateak, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak.

EH Bildu koalizioa ez da bilkuran izan. Kritiko azaldu da aste honetan bilkuraren leloarekin —Bidegabea izan zen. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz–, eta Jaurlaritzari "alderdi interesetan" gelditzea egotzi dio. Hala ere, Bilbon izan da Pello Urizar koalizioaren parte den Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.